Gizartea -

'Tabakismoaren epidemia'

Tabakoaren gaineko zergak igotzea eskatu die OMEk gobernuei

Zigarro paketearen prezioaren % 75 zergak izatea gomendatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, garestitzeak biziak salbatzen baititu.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tabakismoaren kontrako borrokan, tabakoaren gaineko zergak igotzea eskatu die Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gobernuei, zigarroen garestitzeak biziak salbatuko dituela argudiatuta.

Zehazki, zigarro paketearen prezioaren % 75 zergak izatea gomendatu du Erakundeak "Tabakismoa 2015eko nazioarteko epidemia' izenpean kaleratutako txostenean.

Margaret Chan Nazio Batuen osasun agentziaren zuzendariak nabarmendu duenez, "gobernuek ebidentziak kontuan hartu behar dituzte, ez tabako industriaren argudioak; horixe da osasunaren alorrean jarraitu beharreko win-to-win -irabazi edo irabazi- politika".

OMEren txostenak gobernuen zergak ditu oinarri. Izan ere, herrialde askok zerga txikiak dituzte eta batzuek, bat bera ere ez.

"Txina edo Frantzia bezalako herrialdeek tabakoaren gaineko zergak handitu dituzte eta garestitzean, tabakismoa eta tabakoak eragindako kalteak, biriketako minbizia kasuak esaterako, txikitu egin dira", adierazi du Douglas Bettcher Kutsagarriak ez diren gaixotasunei aurrea hartzeko OMEren departamentuko zuzendariak.

Sei segundoro lagun bat hiltzen da, erretzearen ondorioz

OMEren arabera, lagun bat hiltzen da sei segundoro tabakoarekin lotutako gaixotasunek eraginda, hots, urtean sei milioi lagun. Are, 2030ean eta neurririk hartu ezean, hildakoen kopurua zortzi milioira igotzea aurreikusi du Osasunaren Mundu Erakundeak.

Kutsagarriak ez diren gaixotasunen (minbizia, gaixotasun kardiobaskular edo biriketakoak eta diabetesa) arteko bat da tabakoa. Eritasun horien ondorioz, 70 urte azpiko 16 milioi lagun zendu ziren 2012an, gehienak, % 80, herrialde pobreetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea