Gizartea -

Trafikoa

Goiz kaotikoa euskal errepideetan, hiru istripu ezberdinen eraginez

Korapilatsua izan gaurko goiza zirkulazioari dagokionean behintzat. Izan ere, aparteko arazoak sortu dituzten hiru istripu izan dira EAEko errepideetan.

Auto-ilara luzeak AP-8an, Deba parean, istripu baten ondorioz

01:08

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Korapilatsua izan gaurko goiza zirkulazioari dagokionean behintzat. Izan ere, Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez, aparteko arazoak sortu dituzten hiru istripu izan dira EAEko errepideetan.

Aurrenekoa AP-8 autobidean, Deba parean (Gipuzkoa) jazo da, furgoneta bat irauli egin da eta ibilgailua bidetik kendu duten artean, auto-ilarak izan dira Bilboko noranzkoan. Handik gutxira, beste istripu bat izan da Santo Domingo gainean (Bilboko sarbide garrantzitsuenetakoa) eta pilaketak izan dira. Azkenik, A-15ean, Berastegin, kamioi batek izandako ezbeharrak eraginda, auto-ilarak izan dira Donostiako noranzkoan.

Debako istripua

Furgoneta bat bidetik irten da AP-8an, Deba parean (Gipuzkoa), 08:10ean. 57. kilometroan jazo da ezbeharra, eta errei bat itxi behar izan dute Bilboko noranzkoan. Zorionez, ezbeharrean ez da inor zauritu.

Arratsaldeko 13:00ak aldera, erreia ireki du Ertzaintzak.

Kaosa Bilboko sarbideetako batean

Bizkaiko hiriburura sartzeko Santo Domingoko gaina (BI-631) erabili ohi duten gidariek pilaketa luzeak topatu dituzte gaur goizean. Bi ibilgailuk talka egin dute Derioko noranzkoan, 09:00ak inguru, ibilgailuen joan-etorria handia den unean.

Istripuan lagun bat zauritu da. Bilboko Udaltzaingoak errepidea bi noranzkoetan itxi behar izan ditu, eta ondorioz, auto-ilara luzeak izan dira ordubetez.

Accidente en Santo Domingo Bilbao. Colas en Txurdinaga. EiTB

Bilboko Txurdinaga auzoan izandako pilaketak. Argazkia: EiTB

Kamioi batek guraizearena egin du Berastegin (A-15)

Hain justu, Bilboko arazoak konpontzen ziren orduan, 10:20 aldera, kamioi batek artaziarena egin du A-15ean, Berastegi parean (Gipuzkoa) eta Donostiako noranzkoan. Kamioi gidaria zauritu da.

Ibilgailua bidean gurutzatuta geratu da, eta kolpearen ondorioz, gasolio orban handia utzi du errepidean.

Bi noranzkoetan auto-ilarak izan dira. Ibilgailu astuna errepidetik kentzeko garabi handi bat behar izan dute. Gainera, gasolio orbana garbitzeko denbora dezente behar izan dute Herri Lanetako beharginek.

Ertzaintzak zirkulazioa Berastegitik desbideratu du egunean zehar. Autobiako bi noranzkoak zabaldu dituzte dagoeneko, baina bi erreik itxita jarraitzen dute, bat noranzko bakoitzean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak gaur Trafikoa Deba