Gizartea -

Gertakaria

Donostiako gazte bat larri, liskar batean bakeak egiten saiatu ostean

Hizka-mizkaren lekuko izanda, gaztea tartean sartzen ahalegindu zen, baina hirugarren batek eraso egin zion. Kontxa Pasealekuan jazo zen, larunbat gauean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

20 urteko donostiar batek barea galdu du, liskar batean bakeak egiten saiatu ostean. Bi gizonen erasoa pairatu zuen gazteak, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Erasotzaileetako bat atxilotu dute, Villabonan, eta bestea identifikatu eta inputatu dute, baina oraindik ez dute atxilotu.

Erasoa Donostiako Kontxa Pasealekuan jazo zen, larunbat gauean. Gizon eta emakume bat elkarrekin eztabaidatzen ari zirenean, gaztea haien artean sartzen ahalegindu zen, baina beste gizon bat agertu zen, neskarekin eztabaidatzen ari zen gizonaren laguna, eta biek eraso zioten. Ondoren, auto batean sartu ziren, eta ihes egin zuten.

Ertzaintza bertaratu zen eta anbulantzia bat eskatu zuen; izan ere, zaurituak min handia zuen sabelaldean. Gaztea Donostia Ospitalera eraman zuten, eta barea kendu zioten han.

Ertzaintzak egindako ikerketen ondorioz, asteazken eguerdian erasotzaileetako bat atxilotu zuten, 30 urteko gizon bat. Ustez, lesioen egile nagusia da eta aurretik ere sei aldiz atxilotua izana zen. Epailearen esku jarri dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gizartea bideoak