Gizartea -

Zerrenda

Nudismoa egiten duzu? Hona hemen euskal kostaldeko hondartza onenak

Euskal kostaldean, hiru hondartzetatik batek aukera ematen du nudismoa egiteko. Jende gutxiago izaten dute hondartza horiek, baita erabiltzaile leialak ere.

Euskadi, hondartza nudista gehien dituen bigarren erkidegoa

1:10

IKER GOMEZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal kostaldean, hiru hondartzetatik batek aukera ematen du nudismoa egiteko. Jende gutxiago izaten dute hondartza horiek, baita erabiltzaile leialak ere. Zuzenean naturarekin eguzkia hartzea defendatzen dute, eta eitb.eus-en zerrenda bat prestatu dugu, biluzik hondartzan egon nahi duten pertsonek gida moduan erabil dezaten.

 

BIZKAIA

- Barinatxe

Barinatxe hondartza ('Salvaje' izenaz ere ezaguna) Sopela eta Getxo udalerrien artean dago. Hondartza zabala eta irekia da, amildegiz inguratuta. Hondartza basatia da, duna sistema propioarekin. Nudistek ezkerreko zatia hartu dute, nahiz eta nudismoa hondartza osoan baimendua egon. Zerbitzu ugari eskaintzen ditu, tartean taberna bat, dutxak eta komunak. Parkinga ordaindu egin behar da (5 euro egunean)

- Muriola (

Txikia den arren, erabiltzaile fidelak ditu Muriola hondartzak. Uretan sartzea konplikatua da, harkaitz ugari daudelako, baina urpean igeri egiteko aproposa da oso. Orain pare bat urte, sorosleak eta dutxak jarri zituzten.

- Azkorri (Getxo)

‘Gorrondatxe’ da bere izen ofiziala. Barinatxen bezala, nudistek ezkerreko zatia hartzen dute normalean. Areaz gain, gune berdeetan egoteko aukera ematen du. Goian, taberna jendetsua du Azkorrik.

- Meñakoz (Barrika)

‘Hippy’entzat toki gomendatua. Bide aldapatsua duen arren, nudistentzat hondartza aproposa da. Ez da jende asko joaten, eta area eta harria ematen ditu aukeran. Orain bi urte goiko taberna kendu zuten, eta horrek erabiltzaile kopurua murriztea ekarri du.

- Lapatza (Ea)

Askorentzat, toki perfektua da nudismoa praktikatzeko eta deskonektatzeko. Haitzek osatutako kala harritsua da Lapatza. Laga eta Laida gertu daude, baina Lapatzan ez da jende asko egoten. Lasaitasunarekin eta naturarekin bat egitea bilatzen duten pertsonentzat da egokia. Hondartzara iristeko, bide aldapatsu bat jarraitu behar zaio.

Antzora (Ea)

Bizkaiko kostaldeko altxorretako bat. Nudismoa lasai-lasai egiteko toki egokia, nahiz eta heltzea zaila izan.

- Ogeia (Ispaster)

Bide aldapatsua egin beharko dugu hemen ere, baina merezi du ahalegia egiteak. Arez eta harriz osatutako hondartza da, txikia, basatia eta lasaia. Udan, sorosleak egoten dira.

 

GIPUZKOA

- Zarautz

Bi kilometro eta erdiko hondartza polit honetan, golf zelaiaren aurreko zatian aurkituko duzu nudismoa egiteko tokia. Jendetsua da Zarauzko hondartza, itsasertzeko pasealekua du, eta urre-koloreko area izateagatik ezaguna da.

- Saturraran (Mutriku)

Gipuzkoako kostaldearen mendebaldeko muturrean dago Saturraran hondartza, Bizkaiarekin muga egiten duen ingurunean. Bi haitzen forma bitxia nabarmentzen da inguru horretan. Kondairak dioenez, Satur eta Aran maitaleen itxura dute. Hondartzak  300 metro ditu, eta urre koloreko harea. Ondoan, autoak uzteko toki zabala eta bazkariak eskaintzen dituen taberna daude. Inguruetan, gainera, kanpina eta nudistentzako gunea daude.

- Tximistarri (Donostia)

Ezezaguna da askorentzat, eta gogokoena Donostiako nudistentzat. Ondarretatik du sarrera eta nudismoa egiteaz gain, estresa eta arazoak atzean uzteko hondartza bikaina da.

- Zurriola (Donostia)

Zurriola hondartza Gros auzoan dago. Batez beste, 800 metroko luzera du eta jendez gainezka egoten da. 2004ean, nudismoa egitea baimendu zuen Donostiako Udalak, Kursaaleko kubo txiki eta kai-muturraren artean egon ohi dira nudistak.

- Santa Klara Irla (Donostia)

Santa Klara irlako hondartzatxoa irlako untziralekuaren albo batean dago kokatuta, Kontxako badiaren erdi-erdian. Oso toki txikia da eta ordu batzuetan baino ez da ikusten, itsasbehera dagoenean, hain zuzen. Itsas maila pixka bat igotzen denean, berriz, hondartza urpean gelditzen da erabat. Hareazko substratua du. Txalupaz joan behar da irlara.

Zarauzko hondartza. Egilea: Azucena Gómez.

Zarauzko hondartza. Argazkia: Azucena Gomez.

ARABA

- Ullibarriko urtegia

Gasteiztarren hondartza da, eta nudismoa egiteko tarte zabala ere badu.

Arranguako zelaia (Zadorra urtegian)

Zuatzako irlaren parean dago kokatuta. Herriko parkingetik du sarrera, eta ordu laurden oinez ibili beharko gara zelaira heltzeko.

 

IPARRALDE

-          Deux Jumeaux (Hendaia)

-          Loia (Hendaia)

-          Erretegia (Bidart)

-          Playa de L’Ocean (Angelu)

-          L’Empereur Hoteleko hondartza (Miarritze)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Turismoa Euskadi albisteak Iparraldea bideoak Euskal herriko hondartzak mapa Gizartea albisteak Zarauzko hondartza albisteak