Gizartea -

Emakumeenganako Indarkeria

Hainbat sexu eraso salatu dituzte Zumaian

Herriko hainbat adingabek azkenaldian jasan dituzten sexu erasoak salatzeko elkarretaratzea egin dute Zumaian, hainbat eragilek deituta. Udalak bat egin du deialdiarekin.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zumaiako Berdintasun Foroak azken boladan herri horretan izan diren hainbat sexu eraso salatu ditu. Kaleratu duen oharrean jasotzen denez, "azken hilabetean, jazarpen sexualen hainbat salaketa izan dira Zumaian. Bi erasotzaile aritu dira herrian zehar, inpunitate osoz, neska ezberdinei eraso sexualak errepikatzen; adin txikikoak izan dira batik bat".

Gertakarien xehetasunetan sartu gabe, Berdintasun Foroak erasoak pairatu dituzten neskei "babesik beroena" adierazi die. "Azken asteetan ikusi dugun gisan, indarkeria matxista ez da kasu isolatu edo anekdotiko bat, emakumeen bizitzetan ematen den errealitatea da, baita Zumaian ere", salatu dute.

Uztailaren 15ean izan zen erasoetako bat, 23:30 aldera, Zumaiako Patxita Etxezarreta kaleko autobusaren geltokian. Bertan zegoen 80 bat urteko gizon batek ukituak egin zizkien 12 eta 13 urte bitarteko neska batzuei.

Handik gutxira, beste gizon batek, Ardantza Bidean, musu eman nahi izan zien 10 eta 13 urte bitarteko neska batzuei, gozoki batzuen truke.

Erasoak salatzeko, elkarretaratzea deitu dute Asanblada Feministak, Berdintasun Foroak eta Gurasoak elkarteak. Zumaiako Udalak ere bat egin du deialdiarekin. Alondegiaren aurreko Martxoaren 8ko plazan egin da bilkura.

Udal Gobernuak oharra kaleratu du  erasoa jasan duten adin txikikoei eta horiei familia eta ingurukoei  "elkartasuna" adieraziz eta "laguntza" eskainiz.

"Azken hilabeteotako kasuak puntualak izan dira eta hartu beharreko neurriak hartuta daudela adierazi nahi diegu herritarrei. Zumaia herri lasai eta segurua da, eta horrela izan dadin segituko dugu lanean, hartu beharreko neurri guztiak hartuz", esan du Udalak.

------------------------------

Sexu erasoak salatzeko eta biktimei aholkuak emateko telefono zenbakia: 699 687 687.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Zumaia