Gizartea -

Lehiaketa

Kolore eta forma ezberdinek argiztatuko dute Donostiako zerua

Aurtengo edizioa 52. Izango da eta Txinako, Italiako Frantziako, Valentziako eta Euskadiko su-etxeek parte hartuko dute lehiaketan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Nazioarteko Su Artifizialen Lehiaketak 52. edizioa izango du aurtengoa, eta  munduko txoko ezberdinetatik heldutako parte hartzaileak izango ditu. Estatu espainiarreko lau su-etxe (Valentziako hiru eta Euskadiko bat) eta Txinako, Frantziako eta Italiako su-etxeak izango dira lehiaketan.

Abuztuaren 8an hasiko da Donostiako Aste Nagusia eta lehiaketari ere egun horretan emango zaio hasiera. Valenciana su-etxea arduratuko da lehen egunean suak jaurtitzeaz.

Abuztuaren 9an, igandea, atzerriko etxe bati egokituko zaio Donostiako zerua argiztatzea. Txinako Firevision Internationalek botako ditu suak. Etxe hori arduratu zen Pekingo Joko Olinpikoetan hasierako eta amaierako ekitaldietako su artifizialez.

Hirugarren eguneko suak Castellotik helduko dira. 2002an Donostian estreinatu zen Tomas Pirotekniak botako ditu suak. Abuztuaren 11an Parente italiarren txanda izango da. Lehen aritu izan dira Gipuzkoako hiriburuan.

Abuztuaren 12ko gaua argiztatzearen ardura Arabako su-etxe batek izango du. Valecea etxea ez da ezezaguna Donostian, 2010an ere izan baitzen Gipuzkoako hiriburuan. Arabarrak dira, gainera, lehiaketan parte hartuko duten etxe zaharrena, 1876an sortu baitzen.

Abuztuaren 13an Frantziako Brezak Artifices arituko da eta hurrengo eguenean, abuztuaren 14an, Valentziako Europlak botako ditu suak.

Azken urteetan ohiko bihurtu den moduan, Aste Nagusiari amaiera emateko suak eta musika uztartzen dituen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Ricardo Caballer su-etxeak botako ditu su horiek.

Sariak

Bi epaimahaik erabakiko dute aurtengo palmaresa. Epaimahai ofizialak lehen hiru sariak emango ditu. Urrezko Maskorra eta 7.000 euro, Zilarrezko Maskorra eta 5.250 euro eta Brontzezko Maskorra eta 3.500 euro.

Epaimahai gazteak erabakiko du Euskaltel Sariaren irabazlea eta herritarrek euren bilduma gustukoena aukeratu ahal izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Aste Nagusia Donostia albisteak