Gizartea -

Istripua Frantzian

Lillen zauritutako ikasleen bidaia Livingstone agentziak antolatu zuen

Amsterdametik gertu dagoen kanpaleku batera zihoazen gazteak, eta kontratatutako bidaiak hiru txango hartzen zituen, horietatik bat Hagara.

Frantziako iparraldean jazo da istripua. Argazkia: EiTB
Frantziako iparraldean jazo da istripua. Argazkia: EiTB
Unibertsitatzeko euskal ikasleak dira autobusean zihoazen gehienak

1:04

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lillen, Frantziako iparraldean, autobus-istripu baten ondorioz zauritutako euskal ikasleen bidaia Bilboko Livingstone agentziak antolatu zuen. Hainbat lekutan, tartean unibertsitatean, iragarritako bidaia izan zen.

Amsterdametik gertu dagoen kanpaleku batean astebetea igarotzeko asmoa zuten gazteek, abuztuaren 1ean etxera itzultzekoak baitziren. Livingstone bidaia-agentziaren webgunearen arabera, ikasleek kontratatutako bidaia horrek hiru txango hartzen zituen, horietatik bat Hagara, eta itzulerako bidean Brujasen geldialdi bat (Belgika).

Bidaiaren prezioa 199-260 eurokoa zen: merkeagoa kanpin-denda propioa bazuten, eta garestiagoa ostatua kanpalekuaren bungalow batean hartuz gero. Horrez gain, gazteek bidaia-asegurua eta osasun-arreta zuten.

Autobusa Alba de Bermeo konpainiakoa da baina, esan bezala, Livingstone agentziak antolatu zuen bidaia.

Istripuaren ondorioz, gutxienez 4 lagun larri zauritu dira, horietako bat oso larri dago, eta beste 18 lagun arin zauritu dira.

Autobus horrek 60 ikasle zeraman, eta garraio-enpresak baieztatu duenez, autobusa atzo atera zen Bilbotik, eta Donostian beste hainbat bidaiari hartu zuten. Helmuga Amsterdam zen.

Iturri berdinak adierazi duenez, autobusak bi gidari zituen, eta enpresa osoko langileak eta nagusiak hunkituta daude oso.

Autobusak solairu bakarra zeukan, eta tunel bat igarotzen ari zela sabaia galdu du, tunelaren altuera txikiegia baitzen (2,60 metro). Ezbeharra Lilleko Grand Boulevardean jazo da, Romarinetik irtendakoan, La Madeleineko udalerri parean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Euskadin Bilboko azken albisteak Donostia bideoak Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Frantzia berriak Gizartea bideoak Gazteak azken ordukoa