Gizartea -

Lilleko (Frantzia) istripua

Autobuseko gidaria inputatu dute, baina aske geratu da

13 euskal ikasle daude Frantzian ospitaleratuta. Bien bitartean, onik daudenak eta arin zauritu zirenak etxera itzuli dira. 40 dira, eta 15:20an iritsi dira Loiuko aireportura.

Frantziako Gobernuaren ordezkaritzak EFEri utzitako argazkia
Frantziako Gobernuaren ordezkaritzak EFEri utzitako argazkia
Lillen istripua izandako gazteetariko 44 etxean daude jada

1:14

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lillen (Frantziako iparraldea) istripua izan zuen autobuseko gidaria inputatu dute gaur "nahi gabe zauriak" eragitea eta "segurtasun eta zuhurtzia betebeharra urratzea" egotzita, baina zaintzapean aske geratu da.

Iturri judizialek azaldu dutenez, txoferra Espainiara itzul daiteke gauean. Epaiketa 12-18 hilabete barru egin daiteke.

Txoferrak Espainian berriro gidatu ahal izango du, baina Frantzian ezin izango du gauza bera egin sententziak erabaki arte.

Horrela, Fiskaltzak egindako eskakizuna onartu du argibideetako epaileak. Hiru urteko espetxe-zigorra eta 45.000 euroko kalte-ordaina ezar diezazkiokete, eta baita 1.500 euroko isuna ere.

Gidariak negatibo eman zuen alkoholemia eta droga probetan, baina aitortu egin du GPSak aholkatutako ibilbidea jarraitu zuela, egokia ote zen egiaztatu gabe.

Sei gazte, larri

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) sei gazte larri daude oraindik atzo Lillen (Frantzia) jazotako autobus istripuaren ondorioz, baina horien egoera egonkortu egin da, eta ez dago inor egoera kritikoan, azken balantze ofizialaren arabera.

Orotara, 13 euskal herritar daude ospitaleratuta Frantzian, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak zehaztu duenez. Sei larri daude, eta horietako bi egoera kritikoan zeuden atzo, baina hobera egin dute eta dagoeneko ez daude hil edo bizi.

Bien bitartean, onik daudenak eta arin zauritu zirenak gaur itzuli dira etxera. 40 dira, eta 15:20an iritsi dira Loiuko aireportura. Bertan, psikologoak eta Osakidetzako langileak izan dituzte zain.

Guztiak osasun egoera onean daude, baina bat Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute. Hala ere, ordu gutxi barru medikuaren ziurtagiria jasotzea espero dute.

Leire Madariaga Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendariak goraipatu duenez, ikasle guztiak, orokorrean, “lasai eta pozik” daude, “dena ondo atera delako”.

Taldearen hegazkinak 15:00ak aldera lur hartu du Loiun. Taldea 43 pertsonek osatzen zuten: 40 ikasle gazte, bi senitarteko eta bidaia-agentziako arduradun bat.

Istripua Lille Frantzia. EFE

Psikologoak eta Osakidetzako langileak Loiuko aireportuan. Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzako talde bat Frantzian dagoela azaldu du Madariagak, eta Frantziako buruzagi eta talde medikoekin harremanetan dagoela erantsi du. Pixkanaka-pixkanaka “zaurituek hobera egiten duten heinean”, Euskadira ekarriko dituztela gaineratu du Madariagak.

Orokorrean gazte guztien egoera ona dela onartu du Pilar Vazquez Osakidetzako Bizkaiko Larrialdien arduradunak, nahiz eta bat Gurutzetako ospitalera eraman behar izan.

"Guztiak bizirik gaude eta konponduko gara"

Ainhoa Isla ikasle zaurituak adierazi duenez, “atseden hartu eta gertatutakoa onartu behar dugu, ikaragarria izan delako”. “Guztiak bizirik gaude eta konponduko gara”, erantsi du.

Sekulako sustoa eta “nahiko traumatikoa” izan dela onartu du beste zauritu batek, baina “denborarekin pasatzea espero dugu”. “Lagun bati besoan ebakuntza egin behar izan diote, egonkor dagoela esan didate”, gaineratu du.

Ezbeharrean zauritutako beste gazte batek bizitakoa “beste esperientzia bat” izan dela uste du. Eskafoidean fisura bat du eta etxera itzultzearekin pozik agertu da.

Bestalde, azken orduetan “urduritasuna” nagusi izan dela onartu dute zaurituen senitartekoek.

Lilleko istripua senitartekoak Loiun efe

Senitartekoak eta ikasleak Loiuko aireportuan. Argazkia: EFE

Frantzian

Ramon de Miguel Espainiak Frantzian duen enbaxadoreak azaldu duenez, zauritutako hiru gaur aterako dira ospitaletik. Gainerakoek hurrengo asteburuan edo astelehenean (abuztuak 3) egingo dute.

Mutil batek pneumotorax bat du, neska batek masailezurra hautsita du, eta beste pertsona batek lesioa du zerbikaletan, eta ebakuntza egin behar diote. Gainera, beste neskato batek lesioak ditu sabel aldean.

Beste hainbatek lesio arinak dituzte, baina baliteke ebakuntza egin behar izatea.

Autobusean 59 pertsona zihoazen: EAEko 53 ikasle, bi gidari eta lau monitore. Horietako 34 Lilleko unibertsitate ospitalean artatu zituzten. 17 erietxetik atera dira jada, eta 13 bertan dituzte oraindik.

Istripua igandeko 05:29an jazo zen, Lilleko kanpoaldean. Ordu horretan, autobusa (Bilbo-Amsterdam bidea egiten ari zen) baxuegia zen tunel batean sartu zen, eta goia jo zuen. Horren ondorioz, ibilgailuaren sabaia guztiz moztuta geratu zen.

Tunela gaizki seinaleztatuta zegoen

Jean-Rene Lecerf Lilleko Kontseiluaren presidentearen esanetan, istripua jazo zen inguruan tunela baino altuagoak diren ibilgailuak ohartarazteko gailu bat falta zen. Hori bai, gailu hori izatea ez dela beharrezkoa gaineratu du.

Espainiak Frantzian duen enbaxadoreak informazio gehiago eman du: tunelaren seinalizazioa eta argiztapena ez ziren egokiak.

Ospitaleratuta ez dauden gazteek kiroldegi batean pasatu dute gaua. Bidaiaren antolatzaileek hotel bat proposatu zuten, baina medikuek denak elkarrekin egotea nahiago izan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Euskal Herrian Bilboko azken albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Frantzia argazkiak Gizartea Gaurko titularrak Eguneko albisteak Gazteak