Gizartea -

EZBEHARRA GIPUZKOAN

Gidari bat hil da Urnietan, kamioi batekin talka eginda

Hildakoa 71 urteko Hernaniko bizilagun bat da. Man kamioi batek eta Renault Scenic auto batek talka egin dute Mandazubiko biribilgunean eta kamioia autoaren gainean irauli egin da.

Gidari bat hil da Urnietan, kamioi batekin talka egin ostean

01:32

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizonezko bat hil eta beste bat zauritu da gaur arratsaldean, Urnietan (Gipuzkoa). Hormigoi-kamioi bat irauli egin da auto baten gainean, Segurtasun Sailak eta Donostiako suhiltzaileek jakitera eman dutenez.

Iturrien arabera, ezbeharra 16:00ak aldera gertatu da GI-2132 errepidean, Urnietan. Antza denez, bi ibilgailuek talka egin dute eta ondoren kamioia autoaren gainean erori da.

Gidaria oso larri eraman dute ospitalera, baina azkenean hil egin da, Segurtasun Sailak zehaztu duenez. Kamioiko gidaria ere ospitalera eraman behar izan dute.

Hildakoa 71 urteko Hernaniko (Gipuzkoa) bizilagun bat da. Ezbehar larria Mandazubiko biribilgunean gertatu da. Man kamioi batek eta Renault Scenic auto batek talka egin dute eta kamioia autoaren gainean irauli egin da.

Harrapaturik

Talkaren ondorioz, autoko bidaiariak harrapatuta geratu dira hondakinen artean. Larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, baina ezin izan dute autoaren gidaria suspertu.

Bestalde, kamioiko gidaria, 55 urteko gizon bat, eta autoko beste bidaiaria, 70 urteko emakume bat, anbulantzian ospitalera eraman behar izan dituzte. Suhiltzaileek biktimak erreskatatu behar izan dituzte.

Goizean, beste pertsona bat hil da errepide berean, baina Hernaniko tartean. Opel Vectra auto batek zuhaitz baten aurka talka egin du eta gidaria bertan hil da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Albisteak Gipuzkoa Urnieta bideoak