Gizartea -

Cadiz

Elizak aitabitxi izatea ukatu dio transexual bati

"Fedearekin bateragarria ez den bizimodua" duela argudiatu du Cadizeko Gotzaingoak.

Alex Salinas. EFE
Alex Salinas. EFE
Alex Salinas. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cadizeko eta Ceutako Gotzaingoak aitabitxi izatea ukatu dio 21 urteko transexual bati, "Fedearekin bateragarria ez den bizimodua" duela argudiatuta.

"Elizarentzat, ni emakumea naiz oraindik, nortasun agiria aldatuta badut ere", azaldu du Alex Salinas transexualak, EFE agentzian egindako adierazpenetan. Ilobaren bataioan aitabitxi izan behar zuen, baina Elizak galarazi egin dio, eta orain helegitea aurkeztuko du. "[Gotzaingoaren erabakia] ostikada bat bezalakoa izan da, ni oso fededuna bainaiz", adierazi du gazteak.

Alex emakume jaio zen duela 21 urte, baina otsailetik gizonezko agiria du eta sexua aldatzeko ebakuntza baten zain dago. Katolikoa da eta mezara joan ohi zen, jatetxe batean lan egiten hasi zen arte, denborarik ez zuelako.

Hasieran, San Jose Artesano San Fernandokoa Elizako apaizak ez zion oztoporik jarri ilobaren aitabitxia izan zedin, baina Gotzaintzan agiriak eskatu zuenean, ezezkoa eman zioten.

Gaztea beste hainbat elizatara joan zen, baina guztietan erantzun berbera jaso zuen. Horregatik, Gotzaintzara bertaratu zen, arrazoiak ezagutzeko.

"Haientzat lizuna naiz", deitoratu du gazteak, eta apaizek “barkamena ematea” eskaini diotela gaineratu du, “bekatuak egiten ibili izan banintz bezala”.

"Frantzisko aita santuak transexualak hartu ditu Vatikanoan, baina Espainiako Eliza Erdi Aroan bizi da oraindik”, salatu du Carla Antonellik (PSOE), Espainiako diputatu transexual bakarrak.

Horren esanetan, Elizaren azalpenak “faltsuak” dira. Izan ere, Zuzenbide Kanonikoak ez du debekatzen transexualak aitabitxiak izatea. Horregatik, jarrera hori "gorro delitua" izan daitekeela ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Homofobia LGTBI+ albisteak Eliza Katolikoa albisteak