Gizartea -

Florida (AEB)

Milioi bat dolarreko altxorra aurkitu dute Floridan

AEBko familia batek milioi bat dolar baino gehiago balio duen altxorra aurkitu du, 1715ean hondoratu zen itsasontzi espainiar batean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Floridako (AEB) familia batek milioi bat dolar baino gehiago balio duen altxorra aurkitu du. 1715. urtean Atlantikoko uretan hondoratu zen itsasontzi espainiar bateko hondarretan topatu dute altxorra.

Berreskuratutako diruaren artean hainbat deituratako urrezko 51 txanpon daude, baita urrez edertutako 12 metroko kate bat ere, Brent Brisben-ek jakitera eman duenez. Brent Brisben 1715 Fleet-Queens Jewels LLC enpresako arduradunetako bat da, batez ere itsas altxorrak aurkitzen berezituta dagoena, eta enpresa horrenak dira hondarren eskubideak.

Schmitt familiak idoro du altxorra, eta horretan aritzen dira berea den itsasontzi batean. Brisbenek ziurtatu duenaren arabera, bikotearen seme batek ekainean aurkitu eta berreskuratu zuen altxorra Miami iparreldetik 210 kilometrora dagoen Fort Pierce hiriko uretan.

Brisbenen arabera, itsasontziko dokumentuek 400 milioi dolarreko balioa duten produktuak garraiatzen ari zela adierazten dute. Horietatik 175 milioi dolar berreskuratu dira orain arte.

Schmitt familiak topatu dituen hondar nabarmenen artean 1715eko erreal bat dago, Felipe V.a erregearen irudia zizelkatua dueña. Horrelako oso txanpon gutxi daudenez, balio handikoa da.

Lege federalen eta estatalen arabera, Floridako estatuak altxorraren % 20 bereganatuko du, estatuko museo batean jartzeko. Gainerakoa Schmitt familiaren eta Brisbenen enpresaren artean banatuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea