Gizartea -

NBE-ren ikerketa

Europako biztanleen % 34k 60 urte baino gehiago izango dituzte 2050ean

Munduko populazioa 7.300 milioi pertsonatik 10.000 milioira pasatuko da 2030ean. Erdiak Afrikan biziko dira.

Munduko populazioak 7.000 milioi pertsonako muga zeharkatu zuen 2011n. Argazkia: NBE
Munduko populazioak 7.000 milioi pertsonako muga zeharkatu zuen 2011n. Argazkia: NBE
Munduko populazioak 7.000 milioi pertsonako muga zeharkatu zuen 2011n. Argazkia: NBE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko populazioa 7.300 milioi pertsonakoa da egun, baina hurrengo hamarkadetan 10.000 milioira igoko da, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi duenez. Gehienbat, Afrikan eta herrialde gutxi batzuetan pilatuko da hazkunde gehiena.

Hori horrela, NBEren aurreikuspenen arabera, Lur planetako populazioa 8.500 milioi pertsonara helduko da 2030 urtean, 9.700 milioira 2050ean, eta 11.200 milioira 2100ean, garapenaren bidean dauden herrialdeen hazkundearen ondorioz.

Horrek, baina, hainbat arazo ekarriko ditu. "Populazioaren hazkundea herrialde pobreetan pilatzeak zailago egingo du pobrezia eta desberdintasunak desagertzea, gosearen aurka borroka egitea eta hezkuntza eta osasun zerbitzuen sarbidea hedatzea", azaldu du John Wilmoth NBEren Gai Ekonomikoetarako eta Sozialetarako Sailaren zuzendariak.

Ikerketaren arabera, zazpi urte barru India izango da munduko herrialde populatuena, Txina bigarren lekura jaitsita. Afrikako populazioaren hazkunde handiak Nigeria izango du adibide behinena. Izan ere, herrialde horrek 182 milioi biztanle ditu egun, baina 2050 urterako ia 400 milioi izango ditu.

Mende honen erdialdean, sei herrialdek 300 milioi biztanle baino gehiago izango dituzte: Txina, India, Indonesia, Nigeria, Pakistan eta AEB.

Gainera, hurrengo hamarkadetan, populazioaren hazkundea bederatzi herrialdetan pilatuko da gehienbat, Afrikakoak eta Asiakoak gehienak: India, Nigeria, Pakistan, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Etiopia, Tanzania, AEB, Indonesia eta Uganda.

Afrikak 1.186 milioi biztanle ditu gaur egun, baina 2.478 milioira igoko da 2050ean, eta 4.387 milioira 2100ean.

Bestalde, Europa kontinente zaharrena izango da, 2050 urtean herritarren % 34 hirurogei urtekoak baino gehiagokoak izango baitira. Ondorioz, populazioa 738 milioitik 707 milioira jaitsiko da.

Europaren barruan, Espainiak ere behera egingo du biztanle kopuruan. 46,1 milioitik 45,9 milioira jaitsiko da 2030ean; 44,8 milioira 2050ean eta 40 milioitik behera mendeko bigarren erdialdean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
NBE bideoak