Gizartea -

Trafikoa

Auto-ilara handiak izan dira irteera operazioaren bigarren egunean

Egun osoan zehar auto-pilaketa handiak izan dira euskal errepideetan. Hala ere, istripu bakarra izan da, Eskoriatzan, alegia. Litekeena da bihar berriro trafiko handia izatea.

Kaosa nagusi euskal errepideetan

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irteera operazioak auto-pilaketa handiak eragin ditu larunbat osoan zehar EAEko errepideetan. Hala ere, arratsalde aldera Gipuzkoako errepideak normaltasunera itzuli dira. Araban, berriz, auto-ilarei eutsi diete gaueko 21:00ak arte.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, AP-8an Irunen, Bilborako noranzkoan, auto-errenkada luzeak izan dira goiz osoan zehar. 17:00ak aldera, aldiz, trafikoa nabarmen arindu da.

Arratsaldearen azken orduan oraindik ere auto-pilaketak izan dira, txikiagoak diren arren, AP-1ean, Etxabarri-Biñako ordainlekuan, Araban. Bertan 1-2 kilometroko auto-ilarak izan dira.

Halaber, Armiñonen ere 4 kilometroko auto-errenkadak egon dira, Burgoserako noranzkoan, hain zuzen ere.

Segurtasun Sailak iragarri duenez, litekeena da bihar berriro trafiko handia izatea, 08:00etatik 15:00ak arte bereziki.

Istripua Eskoriatzan

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren arabera, Foru Erkidegoko errepideetan ez da inolako arazorik sortu lehen orduan.

Sasoi honetan sortzen diren ohiko arazoei beste bat gehitu behar izan zaie gaur, larunbata, goizaldean Eskoriatza parean gertatutako istripua dela eta. Hiru ibilgailuk izan dute istripua.

Ezbeharra 04:00etan jazo da eta, ondorioz, autobidea itxi behar izan dute 07:00ak arte. Ordu horretan, errei bat zabaldu dute.

Gainera, istripuagatik AP-8ko eta AP-1eko sarbideak ere eten dituzte, eta horrek ere zortzi kilometro inguruko auto-errenkadak eragin ditu Elgoibar (Gipuzkoa) parean, Bilborako noranzkoan.

Bidegiren neurri osagarriak

Irteera operazioaren harira, EAEn izaten ari den trafiko handiari laguntzeko asmoz, neurri osagarriak abian jarri ditu Bidegik, Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez. Gauzak horrela, Irungo ordainlekuan 13 kabina izango dira, era diferentean ordaintzeko eta bidaiariei laguntzeko.

Kabina guztiek langileak izango dituzte, kontsultak ebazteko eta itxaron denbora arintzeko.

Gainera, ordainsariaren berri emateko, bi informazio-panel jarri dituzte Behobiaren eta Irungo ordainlekuaren artean, euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zirkulazio Istripuak Trafikoa Nafarroako albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak