Gizartea -

Langabezia

Langabeziak behera egin zuen uztailean, EAEn zein Nafarroan

Guztira, 3.613 langabe gutxiago zenbatu dira lau lurralde historikoetan, aurreko hilabetearekin alderatuta.

Iaz baino ia 18.000 langabe gutxiago Euskal Herrian

1:51

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko langabe kopuruak behera egin du uztailan, seigarren hilabetez jarraian, 3.032 pertsona gutxiago zenbatuta, ekaineko datuekin alderatuta; hau da, % 1,93 gutxiago. Beraz, beharrik gabe daudenen lagunen kopurua 153.873 da egun.

Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak plazaratutako datuen arabera, 2014ko ekainarekin alderatuta, 13.520 langabe gutxiago zenbatu dira EAEn, alegia, % 8,08 egin du behera.

Lurraldeka, Araba da langabezia gehien jaitsi den lurraldea, % 2,46 (634 pertsona gutxiago); ondoren, Gipuzkoa dator, % 2,09 bajatu da (903 gutxiago), eta, azkenik, Bizkaia dago, % 1,7ko jaitsierarekin (1.495 gutxiago).

EAEn uztailean zeuden 153.873 langabeetatik 9.849k 25 urtetik behera zeukaten. Horrek adierazten du, tarte horretan 127 langabe gehiago daudela ekaineko datuekin alderatuta.

Sexuen arteko banaketari dagokionez, guztizko kopurutik gizonezkoena 70.784 da, eta emakumezkoena, berriz, 83.089.

Nafarroan ere, behera

Nafarroan aurreko hilabetean zenbatu duten langabeen kopuruak behera egin du eta 581 pertsonak lana topatu dute, ekaineko datuekin erkatuta. Hortaz, % 1,35 jaitsi da lanik gabe dauden lagunen kopurua eta, guztira, 42.330 langabe daude Foru Erkidegoan.

Hala, urtebetean 4.417 lagun gehiago dago lanean eta horrek % 9,45 gora egitea ekarri du.

Nafarroan, langabezian dauden 42.330 pertsonetatik 18.616 gizonezkoak dira eta 23.714 emakumezkoak; guzti horietatik 3.866k 25 urte baino gutxiago dute (2.036 gizonezko eta 1.830 emakumezko), eta gainerakoek (38.464) adin hori gainditzen dute (16.580 gizonezko eta 21.884 emakumezko).

Halaber, Estatu espainiarrean ere behera egin du langabe kopuruak uztailan, seigarren hilabetez jarraian; 74.025 pertsona gutxiago dago lan bila eta, guztira, 4.046.276 lagun daude langabezian. 1998 urtetik uztail batean izan den inoizko jaitsiera handiena da, eta 2014an izandakoaren bikoitza baino gehiago, 29.841 norbanakok lana aurkitu zutenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Espainian Gaurko albisteak Nafarroan Gizartea