Gizartea -

Tarragona

Liskarrak Saloun, polizia operazio batean senegaldar bat hil ostean

50 urteko gizonezkoak etxebizitza batetik behera bota du bere burua, agenteengandik ihesi. Istiluen ondorioz, Salou eta Cambrils arteko trenen joan-etorria eten behar izan dute.

Senegaldarrek zaborrontziak bota dituzte eta harriak bota dizkiete Mossoei. Argazkia: EiTB
Senegaldarrek Salouko trenbidea moztu dute heriotza salatzeko

1:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Liskar larriak izaten ari dira Saloun (Tarragonan) senegaldar talde baten eta Esquadrako Mossoen artean, kalean saltzen zuten lagunen kontrako polizia operazio batean herrikide bat hil ostean.

50 urteko gizonezkoak Sant Jordi plazako etxebizitza bateko hirugarren solairutik bota du bere burua, agenteak atzetik zituela ikustean ihes egin nahian. Hildakoaren anaiak salaketa aurkeztu du, ETBk jakitera eman duenez.

Operazioan 12 pertsona atxilotu dituzte mossoek. Hildakoa ere atxilotu behar zuten.

Kalean saltzen zuten lagunen kontrako polizia operazioa abiatu dute Mossoek goizean goizetik. Hainbat etxebizitza miatu dituzte, eta horietako batera joatean jazo da zorigaiztoko gertaera. Albistea ezagutu eta berehala, senegaldarrez bete da tren geltokitik gertu dagoen plaza.

Senegaldarrek harriak, makilak eta zabor-poltsak jaurti dizkiete agenteei eta kalteak egin dituzte zaborrontzietan eta poliziaren hainbat ibilgailutan.

Mossoek istiluen kontrako 10 ibilgailu paratu dituzte plazan eta han bildutakoak indarrez sakabanatu dituzte.

Istiluak Saloun efe

Mossoek pertsona bat atxilotu dute istiluetan. Argazkia: EFE

Liskarrak eguerdian areagotu dira, mossoek hildakoaren gorpua altxatu dutenean. Kataluniako Poliziak kargatu du eta doitasun-jaurtigaiak bota ditu manifestarien aurka. Istiluetan 24 pertsona arin zauritu dira, horien artean 16 mosso.

Poliziaren bertsioa zalantzan jartzen dute manifestariek. ?Esquadra mossoak, basatiak? bezalako leloekin kartelak erakutsi dituzte eta Poliziaren ibilgailuen kontra objektuak jaurti dituzte. Ibilgailu batzuei kristalak hautsi dizkiete.

Trenen joan-etorria, etenda

Istiluen ondorioz, Salou eta Cambrils arteko trenen joan-etorria eten behar izan dute, trenbideetara harriak eta bestelako objektuak bota dituztelako.

Ehun pertsona baino gehiago, senegaldarrak gehienbat, Salouko trenbidean izan dira. Edukiontziak gurutzatu dituzte eta trenen zirkulazioa ezinezkoa izan da. Ondorioz, errepidez zerbitzu alternatibo bat martxan jarri behar izan dute.

Istiluak Saloun efe

Salouko trenbidea. Argazkia: EFE

Hildakoaren adiskideak biktimaren argazkiak banatzen ari dira. Trenen zirkulazioa berrezartzeko mossoek sarekadan atxilotutako hildakoaren bost pisu-kideak askatzea eskatzen zuten manifestariek baldintza bezala. Hala ere, buruzagi erlijioso batek etorkinak sakabanatzea lortu du. Trenbideak bederatzi ordu baino gehiago eman ditu itxita.

Bestalde, Senegaleko bizilagunaren heriotza deitoratu du Salouko Udalak agiri batean. Era berean, istiluak gaitzetsi ditu Udalak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea