Gizartea -

Hilketa bikoitza Cuencan

Egindakoa aitortu zion Moratek lagun bati, baina hark ez zuen sinetsi

Morate Errumanian ezkutatzen laguntzeagatik atxilotutako herritar errumaniarrak esan duenez, neska-lagun ohia hil zuela aitortu zion Moratek, baina sinetsi ezinda, ez zuen Polizian salatu.

Moratek atxilotuta jarraitzen du Errumanian. Argazkia: EFE
Moratek Laura eta Marina hil zituela aitortu zuen, lagun baten arabera

1:19

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sergio Morate Errumanian ezkutatzen laguntzeagatik atxilotutako Istvan Horvath herritar errumaniarrak esan duenez, bikotekide ohia hil zuela aitortu zion Moratek, baina hark ez zuen sinetsi eta, hori dela eta, ez zuen Poliziaren aurrean salatu.

Neska-lagun ohia eta horren lagun bat Cuencan hil izana leporatu diote Morateri.

"Errumaniara heldu eta biharamunean Marina hil zuela esan zidan. Ez nuen sinetsi, ni hunkitzea nahi zuela besterik ez nuen pentsatu", esan du Horvathek, "hori dela eta, eta ez nuen Poliziaren aurrean bera salatu".

Horvathek apartamentu bat alokatu zuen, eta bertan atxilotu zuten joan den ostegunean, Moraterekin batera.

Biek Espainiako espetxe batean elkar ezagutu zuten, eta Moratek duela gutxi deitu ziola esan du Horvathek. "Mezu bat bidali zidan, eta zeozer egin zuela esan zidan. Geroago, deitu zidan eta Austrian galduta zebilela esan zidan. Hungariara joan nintzen bere bila, eta Errumaniara ekarri nuen", azaldu du herritar errumaniar horrek.

Morateren ustezko konplizea hunkituta azaldu da Marina Okarynskaren eta Laura del Hoyo haren lagunaren hilketekin. "Ekintza barkaezina da", esan du.

Horvath, 27 urtekoa, aske utzi dute, karguekin, eta Polizia hura ikertzen dabil, Morateren balizko konplizea delakoan.

Cuencan izandako bi gazte horien heriotzaren susmagarri nagusia da Sergio Morate. Momentuz, Errumanian atxilotuta jarraitzen du, behin-behineko espetxealdian, herrialde horretako Justiziaren aurrean bere burua errugabe deklaratu ostean. Gainera, Espainiara itzuliz gero, bere bizitza arriskupean izango den beldur adierazi du.

Fiskaltzak eskatuta, Timisoarako Apelazio-Auzitegiak 15 eguneko behin-behineko espetxealdia ezarri dio Morateri. Horren bitartean, Espainiako agintariek eskaera formala egingo dute, Morate espainiaratu ahal izateko.

Urtebetea ere Errumanian

Bestalde, atxilotu zuten udalerri berean (Lugoj) Moratek apartamentu bat alokatzeko asmoa zuela azaldu du eraikinaren jabe Flavius Lucak.

Alokatzeko eskaera jaso zuen Istvan Horvath lagun errumaniarren bidez. "Polizia heldu baino egun bat lehenago, lagun espainiarra berarekin zuela jakinarazi zidan Horvathek, eta apartamentu bat alokatu nahi zuela esan zidan, urtebete oso baterako ere", azaldu du Lucak.

"Apartamenturik ez nuela esan nion, baina beste bat bilatzen lagunduko niola hitzeman nuen", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak