Gizartea -

Trafikoa

Sei lagun zauritu dira Nafarroan izandako hainbat auto-istriputan

Txirrindulari batek eta hiru motozalek erorikoa izan dute, eta beste bi gazte arin zauritu dira Tuteran.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txirrindulari bat, hiru motozale eta bi gazte zauritu dira Nafarroako hainbat udalerritan izandako bost auto-istripuetan. Lehenengo laurak euren ibilgailuetatik erorita zauritu dira.

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, lehenengo istripua 13:31n gertatu da. 40 urteko txirrindulari bat erori egin da Esteribarren, NA-135 errepideko 12. kilometroan. Gizonezkoak hainbat traumatismo zituen, eta, hori dela eta, Iruñeko San Miguel klinikara eraman dute.

Geroago, 13:45ean, 50 urteko motozale ingeles bat erori da, Olatzagutiko Kale Nagusian. Altsasuko suhiltzaileek bertako osasun-zentrora eraman dute, eta geroago, Nafarroako Ospitalera. Litekeena da eskumuturra hautsi izana.

13:58an, NA-140 errepidean, 11,2. kilometroan, Garaioan, izan da hirugarren erorikoa. 30 urteko motozale bat motorretik erori da, eta, ondorioz, traumatismo ugari egin ditu.

Laugarren istripua NA-137 errepideko 38. kilometroan gertatu da, Izaban, 16:24an. 55 urteko motozale frantziar bat Nafarroako Ospitalera eraman dute, helikopteroz, bertan arta zezaten.

Azkenik, bi gazte Sofia Erregina Ospitalera eraman dituzte, Tuterako alde zaharrean auto-istripua izan ostean. Mutilak hainbat kolpe zituela eraman dute, eta neska, berriz, antsietate krisiak jota.

18:23an, gazteen ibilgailua errepidetik atera da, bidean zegoen oztopo bat jo ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Gaurko albisteak Nafarroan