Gizartea -

Polizia operazioa

Marihuana maila handian ekoizteko plantazio bat atzeman dute Soraluzen

Lau lagun inputatu dituzte. Ertzaintzaren arabera, uzta bakoitzeko 2.400 landare ekoizten zituzten.

Negutegiaren irudi bat. Argazkia: Ertzaintza
Negutegiaren irudi bat. Argazkia: Ertzaintza

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marihuana eskala handian ekoizteko erabiltzen zuten plantazio bat atzeman du Ertzaintzak Soraluzeko (Gipuzkoa) industria pabiloi batean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean adierazi duenez, uzta bakoitzeko batez beste 2.400 landare ekoizten zituzten.

Ertzaintzak lau lagun inputatu ditu osasun publikoaren kontrako delitua egotzita.

Ostiralean egin zuen operazioa Polizia autonomikoak. Epailearen aginduz, industria pabiloi bateko hirugarren solairuan sartu ziren agenteak, eta negutegia topatu zuten bertan.

400 metro koadroko gunea segurtasun kamerez zainduta zuten eta hainbat gelatan banatuta. Marihuana eskala handian ekoizteko elementu guztiak zituzten.

Gainera, Ertzaintzak gerora jakin zuenez, argindarra modu irregularrean hartuta zuten.

Agenteek ez zuten marihuana landarerik topatu miaketan, baina hainbat kimu aurkitu zituzten lur zaku batzuetan. Ikertzailarien arabera, uzta bakoitzeko 2.400 landare ekoizten zituen orain desegin duten taldeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Soraluze