Gizartea -

Bizkaia

Espetxean sartu dute Morgan auzokoari gezi bat bota zion gizona

Animalia kontu batengatik eztabaidatu ostean, bata quad batera igo zen handik alde egiteko, eta besteak, orduan, gezia jaurti zion arku batez. Zauri arina egin zion, eta jarlekuan sartuta geratu zen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 35 urteko gizonezko bat atxilotu zuen igandean, auzokoari gezi bat arku batez jaurtitzeagatik. Liskar eta eztabaida ugari izan dituzte aurretik elkarrekin, lursailen mugak direla eta, Ertzaintzak jakin duenez.

Biktima quad gainean alde egiten ari zela, erasotzaileak gezi bat jaurti zion arku batez, eta jarlekuan sartuta geratu zen. Bizkarrean zauri arin bat besterik ez zion egin.

Erasoa igandean gertatu zen, Morga (Bizkaia) udalerriko auzo batean. Bi auzokideren arteko liskarraren berri jasotakoan, Ertzaintzak patruila bat bidali zuen bertara, eta agenteek bi auzokideekin hitz egin zuten, gertatutakoa argitzeko.

Antza denez, eztabaida ugari izan dituzte aurretik biek, eta salaketak ere jarri dituzte, lursail batzuen mugen inguruan desadostasunak izan baitituzte. Igandean, baina, animalia kontu batengatik eztabaidatu zuten.

Eztabaidatu ondoren, bietako batek quad bat hartu zuen, eta bertatik alde egiten ari zenean, besteak gezi bat bota zion arku-tiroa egiteko arku batez. Ertzainek baieztatu zutenez, gezia ibilgailuaren aurreko jarlekuan sartu zen, biktima zauritu ondoren.

Delituaren larritasuna dela eta, agenteek ustezko erasotzailea atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Atzo, astelehena, epailearen aurrera eraman zuten, eta horrek espetxeratzeko agindua eman zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Delituak argazkiak