Gizartea -

Kontzentrazioa

Konpartsek eraso sexisten aurrean 'arreta ez galtzeko' deia egin dute

Herritar ugari elkartu da konpartsek salatu duten eraso sexista gaitzesteko, "Eraso sexistarik ez" lelopean. Gauerdian musika kendu eta eltze-joaldia egingo dute.

Kontzentrazioa. Argazkia: EiTB.
Kontzentrazioa. Argazkia: EiTB.
Kontzentrazioa Bilbon, igandeko eraso sexista arbuiatzeko

0:45

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herritar ugari bildu da gaur arratsaldean Bilbon konpartsek salatu duten asteburuko eraso sexista gaitzesteko, eta Bilboko Konpartsek, protesta deitu dutenek, gertakari horien aurrean "arreta ez galtzeko" deia egin die herritarrei.

Kontzentrazioa gaur arratsaldeko seietan izan da, "Eraso sexistarik ez" lelopean. Gauerdian, berriz, eltze-joaldia egingo dute txosna-gunean, eta musika kenduko dute horretarako.

Arratsaldeko kontzentrazioan egon dira, besteak beste, konpartsetako kideak, Gurutze Beitia pregoilaria, Oihana Pascual txupinera, Bruno Zubizarreta EH Bilduren zinegotzia, Francisco Samir Lahdou Bilbo Irabazirena eta Carmen Muñoz Udalberrirena.

Protesta ekitaldiaren ondoren, txalo zaparrada bat egin dute, eta Izasku Madariaga Bilboko Konpartsen bozeramaileak hartu du hitza. Hala, gaurko kontzentrazioa erasoaren "erantzuna" izan dela adierazi du, baina Aste Nagusian "horren nabarmenak ez diren bestelako erasoak" ere gertatzen ari direla azpimarratu nahi izan du.

Madariagaren esanetan, "ez da arreta galdu behar" eraso horien aurrean. "Emakumeok ere badugu eskubidea jaiak lasaitasunez eta inolako eraso matxistarik bizitzeko", gaineratu du. Horregatik, herritarrei eta konpartsetako kideei erasoen berri emateko eskatu die.

Ustezko erasoa

Bilboko Konpartsak taldeak salatu duenez, eraso sexista izan da Bilbon, Aste Nagusia 2015ean.

Ohar batean, Bilboko Konpartsak taldeak esan du igande goizaldean emakume bat "bortizki jipoitua" izan zela, eta inguruan egon ziren pertsonen artean gizona menderatzen saiatu zirela. Horren ostean, Udaltzaingoak erasotzailea atxilotu zuen. Dirudienez, adingabe batek muturrekoa eman zion 17 urteko bikotekide ohiari.

"Bilboko konpartsa guztiek, Bilboko Konpartsetan batuta, jaia leku segurua eta erasoz askea izatea nahi dugu", dio agiriak. "Edozein motatako matxismo, sexismo, homofobia, lesbofobia edo arrazakeria jokaera ez da onartuko jai-gunean".

"Bereziki uste dugu emakumeek jaiaz eta espazio publikoaz gozatzeko eskubidea daukagula inork gogaitu barik", nabarmendu dute konpartsek.

Hainbat egoera salagarri

Bilboko Konpartsak, halaber, ohartarazi du "hainbat egoera salagarri ere ematen ari direla Aste Nagusian zehar: jazarpen egoerak eta irainak, batetik, eta eraso saiakera bat ere, bestetik". Goraipatu nahi dute indarkeria sexistaren aurkako lanean jarrera aktiboa izaten ari diren konpartsakide zein pertsonak, "eta berriro azpimarratu beharra dugu aktiboki erantzuna ematea eta esku-hartzea ezinbestekoa dela erasoak ekiditeko".

 

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Bilboko Aste Nagusia Tratu txarrak emakumeak Bilbo Indarkeria matxista Gizartea bideoak