Gizartea -

Genero-indarkeria

Emakume bati bikotekideak eraso egin dio Bilboko txosnetan

Aste Nagusia larunbatean hasi zenetik, indarkeria matxistako hirugarren erasoa da. Mobilizazioak daude deituta: besteak beste, 18:00etan elkarretaratzea egingo dute Areatzan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Konpartsak taldeak salatu duenez, emakume bati bikotekideak eraso egin zion Areatzan, Bilboko jaietako txosnetan, ostegun gauean. Esan dutenez, txosna batean konpartsero batzuek emandako laguntzari esker, agenteek erasotzailea atxilotu zuen eta biktima ospitalera eraman zuten.

Ohar batean, konpartsek esan dute konpartseroek "mehatxu larriak jaso zituztela" erasotzailearen aldetik. Hori dela eta, nabarmendu dute "guztion ardura dela indarkeria sexista honen aurka egitea, norberarena eta gizarte osoarena".

Hortaz, Bilboko Konpartsak taldeak, jai-eragile bezala, barneratzen du "indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko konpromisoa", eta ez du onartuko, inolaz ere ez, mehatxurik.

Ildo horretan, adierazi dute emakumeek "eskubidea dugula" jaiaz eta gune publikoaz gozatzeko: "Gure gorputzen jabeak gara, baita gure askatasunarena ere, eta irmotasunez erantzungo diogu edozein eraso sexistari", aseguratu dute.

Konpartsek bi mobilizazio deitu dituzte gaurko: lehena, 18:00etan egingo dute, Areatzan, Laboral Kutxaren aurrean. Gerora, 22:00etatik su artifizialak hasi arte, txosnak itxita izango dira, eta suen ostean eltze-joaldia egingo dute, erasorik gabeko Aste Nagusia aldarrikatzea xede.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko Aste Nagusia Tratu txarrak emakumeak Bilboko albisteak Indarkeria matxista