Gizartea -

Araba

Banku-sukurtsal baten aurkako erasoa egin dute Agurainen

Kutxabankeko sukurtsalaren kanpoaldean margo bat egin dute: 'Guztiok batera Euskal Herria aurrera!'. Erasoaren ondorioz, ateak, pertsianak eta sarrerako beirateak kalteak jasan dituzte.

Kutxabanken sukurtsal bati eraso egin diote Agurainen

0:21

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kutxabankeko sukurtsal baten aurkako erasoa egin dute goizalde honetan Agurainen (Araba), Segurtasun Sailak EFEri jakinarazi dionez.

Bi aerosolek, substantzia sukoiak eta zenbait petardok osatutako lehergailu bat bota dute zenbait ezezagunek Foru kalean kokatutako banku-sukurtsalaren kontra, 04:40ak aldera, alegia. Erasoaren ondorioz, ateak, pertsianak eta sarrerako beirateak kalteak jasan dituzte.

Edonola ere, ez da beharrezkoa izan ondoko etxebizitzak hustea, ez baita sute handirik sortu. Ertzaintzako patruila batek arin amatatu du, eta geroago suhiltzaileak bertaratu dira miaketa egitera.

Aldarrikapena

Kutxabankeko sukurtsalaren kanpoaldean hitz batzuk margotu dituzte: 'Guztiok batera Euskal Herria aurrera!'. Geroago, erasoaren erantzukizuna euren gain hartu dute idatzizko ohar baten bidez. "Askapen prozesuaren ziklo berri batean gaude, eta premiazkoa da borroka armatuaren fasea gainditzea eta herriaren borrokaren aitzindaritzapean borroka sozialaren bidez egungo blokeo eta zapalkuntza egoera gainditzea ere", jakinarazi dute.

Gauzak horrela, "ekinbide honi modu bateratuan ekiteko deia zabaldu nahi diogu euskal jendarteari. Espainiar zein frantziar Estatu zein burgesiak azken urteetan emandako erasoaldiei erantzutetik, aurrea hartzeko unea da", gaineratu dute.

'Euskal Herria Aurrera' hitzekin amaitu dute oharra.

Ertzaintzak ikerketa abiarazi du, baina ez du kale borrokarekin lotzen, horren irudiko, "sabotaje bat" baino ez baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Kutxabank albisteak Agurain argazkiak