Gizartea -

Segovia

Gipuzkoar bat hil da Cuellarreko entzierroetan adarkatuta

Txahal batek toraxean adarkatu du, eta zauri handia eragin dio bihotzean. Horren ondorioz, Errenteriako bizilaguna hil egin da.

Cuellarreko lehen entzierroan hil egin da Errenteriako auzokidea. Argazkia: EFE
66 urteko errenteriar bat hil da Cuellarren, adarkada bat jasota

0:54

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

60 urte inguruko Errenteriako auzokide bat hil da Cuellarreko entzierroetan, Segovian, txahal batek bihotzean adarkatu ostean, udal-iturrik EFEri jakinarazi diotenez.

Gizonezkoak nortasun agiririk ez zeramatzanez, horren identitatea haren emazteak baieztatu du. Hildakoa Errenteriakoa zen, baina udak igarotzen zituen Cuellarren, senide batzuen etxebizitzan.

Jazoera 09:20ak aldera izan da, 'inbutu' izenarekin ezagutzen den zonaldean, hiriko ibilbidearen hasieran, alegia. Atzean geratu den txahal batek toraxean adarra sartu dio gizonezkoari, eta bertan hil egin da.

Jesus Garcia Cuellarreko alkateak gogora ekarri duenez, zonalde horretan dagoen egur-hesia ez dago herritarrak babesteko, ganadua bideratzeko baizik. Horren inguruan ohartarazten duten kartelak irakurgai daude. Gainera, Babes Zibileko kideek arriskuaren berri ematen dute bozgorailuen bitartez.

Zezenak Cadizeko Blazquez eta Rein ganadutegikoak dira, eta zezen-plazara sartu dira azkenean 10:00ak inguru.

Herritarrek biktima hartu eta hortik eraman dute, baina anbulantzia heldu denerako, hilik zegoen. Gorpua zezen-plazaren erizaindegira eraman dute, eta hilotza eramateko epaileak agindua eman ostean, Segoviara eraman dute, autopsia egin diezaioten.

Cuellarreko alkateak ezbeharra deitoratu du, eta "jazoera oso tristea" dela esan du. Interes Turistiko Nazionalaren izendapena jaso duten entzierro horiek, XIII. mendekoak omen dira, eta urtero jendetza biltzen da horietan parte hartzeko asmoz. Aurtengoetan, esaterako, 50.000 bat lagun elkartu dira.

10:30ak pasata, hileta-zerbitzuek gorpua eraman dute.

Agintariek ez dituzte jaiak bertan behera utziko, eta gainerako lau entzierroak datozen egunetan egingo dituzte, aurreikusita zegoen bezala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errenteria