Gizartea -

Krisia

Jaurlaritzak lantaldea osatu du errefuxiatuen krisiari aurre egiteko

Nafarroako Gobernua eta euskal hiriburuak ere prest agertu dira errefuxiatuak zuzenean hartzeko.

Iñigo Urkullu lehendakaria, artxiboko irudian. Argazkia: Efe
Iñigo Urkullu lehendakaria, artxiboko irudian.
Jaurlaritzak batzorde bat sortu du errefuxiatuen krisiari aurre egiteko

1:07

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak lantalde bat osatu du Europak bizi duen errefuxiatuen krisiari aurre egiteko, eta Espainiako Gobernuarekin jarri da harremanetan Estatuak alor horretan hartu dituen konpromisoen berri izateko.

Iñigo Urkullu buru duen Jaurlaritzako iturrietatik azaldu dutenez, EAEk "elkartasunez eta larrialdi egoerak eskatzen duen moduan jokatuko du, beti egin duen legez".

Errefuxiatuen krisiari aurre egiteko lantaldea Atzerri Ekintzako eta Bake eta Elkarbizitzako idazkaritzek, Euskal Lankidetza Agentziak eta Justizia, Gizarte Politika, Osasun, Segurtasun eta Ogasun sailek osatzen dute.

Era berean, talde hori etengabe omen dago harremanetan euskal erakundeekin: aldundiekin, hiriburuekin eta Eudelekin.

Jaurlaritzak esan du Mariano Rajoyren Gobernuarekin jarri dela harremanetan Estatuak alor horretan hartu dituen konpromisoak zeintzuk diren jakiteko, eta datorren irailaren 14ko goi-bileran hartuko duen jarreraren inguruan eztabaidatzeko.

Gainera, Jaurlaritzak Bruselan duen ordezkaritzarekin ari dira lanean, Europako erakundeen jarduna gertutik ezagutzeko.

Bestakde, EH Bilduk ez legezko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean EAE "errefuxiatu eremu" izan dadin.

Nafarroako Gobernua eta euskal hiriburuak, hartzeko prest

Nafarroako Gobernuak iragarri du Libanotik edo Siriako gatazka pairatzen ari diren beste herrialdeetatik zuzenean errefuxiatuak zuzenean hartzeko prest dagoela, eta ACNUR Nazio Batuen Erakundeko errefuxiatuen agentziarekin aztertzen ari da nola egin. Gainera, beharrezko baimena eskatuko dio Espainiako Gobernuari.

Uxue Barkos buru duen exekutiboak uste du erakundeek "arduraz" jokatu behar dutela krisiari aurre egiteko.

Jaurlaritzaz eta Nafarroako Gobernuaz gain, euskal hiriburuak ere prest agertu dira migrazio krisian laguntzeko eta, ondorioz, errefuxiatuak hartzeko.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak atzo jakinarazi zuen Nafarroako hiriburua errefuxiatuak babesteko sarean izango dela.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Larrialdi Funtsean geratzen diren 92.000 euroak familia horiei laguntzera bideratzea adostu zuten atzo, baina ez dute neurri zehatzen berri eman.

Hala ere, Urtaranek aurreratu duenez, lehenengo neurrietako bat udal-baliabideekin hamar bat familia hartzea izango da.

Donostiako Udalak iragarri du "gainerako euskal erakundeekin eta hirugarren sektorearekin" elkarlanean arituko dela "Europako errefuxiatuen krisiari aurre egiteko", eta "udal zerbitzu guztiak" jarriko omen ditu "iristen diren pertsonen eskura".

Ildo berean hitz egin du Gipuzkoako Diputazioak eta dagoeneko gainerako udalekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta hirugarren sektorearekin lanean ari dela jakinarazi du, bitarteko guztiak abian jartzeko asmoz.

Bilbok ere baliabideak mahaigainean ipiniko ditu, behar izanez gero, errefuxiatuak artatzeko. EAEn errefuxiatuei emango zaien arretaren inguruan erabaki bat noiz hartzeko zain dago Bilboko Udala eta, esan duenez, bat egingo du ekimenekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra argazkiak EAE albisteak Siriar errefuxiatuak Europan bideoak