Gizartea -

Istripu larria

Hiru lagun hil dira Azpeitian, GI-631 errepidean izandako istripuan

Azpeitirako noranzkoan zihoan autoa bidetik atera da eta barruan zihoazen lau bidaiarietatik hiru hil egin dira. Laugarrena, larri, Donostia Ospitalera eraman dute.

Hiru gazte hil dira Azpeitin izandako auto istripuan. Argazkia: EiTB
Hiru gazte hil dira Azpeitin izandako auto istripuan. Argazkia: EiTB
Gazteen autoak hormigoizko bloke baten aurka egin du talka

1:19

O.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

30, 29 eta 19 urteko hiru gizonezko hil dira Azpeitian, GI-631 errepidean izandako zirkulazio istripuan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Hildakoak azpeitiar bat eta bi errezildar dira.

Ezbeharra 07:35an gertatu da Azpeitian, Lasao parean, Zestoatik Azpeitirako noranzkoan.

Istripua izan duen autoa bidetik atera da eta hormigoizko bloke baten kontra jo du. Ondorioz, barruan zihoazen lau bidaiarietatik hiru bertan hil dira; laugarrena -28 urteko gizonezko azpeitiarra-, larri, Donostia Ospitalera eraman dute. Femurra eta aldaka hautsita ditu eta Zainketa Intentsiboetako Unitatean dago, alabaina, haren bizia ez dago arriskuan.

Azpeitia istripua

Argazkia: EFE

Lau bidaiarietako hiru auto barruan harrapatuta gelditu dira eta suhiltzaileek atera behar izan dituzte.

Istripuaren ondorioz, errei bat itxita egon da eguerdira arte eta, bien bitartean, Ertzaintzak txandaka eman die bidea gidariei.

Bestalde, Ertzaintzak ikerketa zabaldu du istripuaren nondik norakoak argitzeko.

Azpeitiko eta Errezilgo Udalek dolu eguna izendatu dute gaurkoa, eta hiru gazteen hileta elizkizunak asteartean egingo dituzte, Errezilen.

Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, Eneko Etxeberria eta Xebero Agirretxe Azpeitiko eta Errezilgo alkateek bi herriak "lur jota" daudela nabarmendu dute eta elkartasuna eta laguntza helarazi dizkiete hildakoen senide eta lagunei. Etxeberria lur jota agertu da eta Donostia Ospitalean larri dagoen 28 urteko azpeitiarrari errekuperatzea opatu dio. Agirretxek, berriz, oraindik ere gertatutakoa sinetsi ezinik dagoela onartu du eta bat-batean herriko bi gazte galtzea kolpe gogorra izan dela gaineratu du.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak doluminak eman dizkie Azpeitiko zirkulazio istripuan hildako hiru gazteen senideei.

Azpeitia istripua

Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko istripuak Bizkaian Trafikoa Azpeitia argazkiak Zumarraga albisteak