Gizartea -

Heriotza

Alberto Schommer Gasteizko argazkilaria hil da

Argazkilaria Donostian zendu da, 87 urte zituela, minbiziak jota. Schommeren lanik ezagunena 'Retratos psicologicos' da.

Alberto Schommer Gasteizko argazkilaria. Argazkia: EiTB
Alberto Schommer Gasteizko argazkilaria. Argazkia: EiTB
Alberto Schommer argazkilaria hil da

2:03

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Schommer argazkilaria Donostian hil da gaur, 87 urte zituela, minbiziak jota, El Pais egunkariak jakitera eman duenez. Bere ibilbidean zehar, besteak beste, egunkari horretan lan egin zuen Schommerek.

1928an jaio zen Gasteizen. Schommer argazkilari handia da. Lanik ezagunena 'Retratos psicologicos' du.

Erretratu horiekin erakusketa handi bat egin zuen Prado Museoan, 2014an, 'Mascaras' izenburupean. Schommerek Espainiako intelektualei egindako argazkiak erakutsi zituzten bertan. Besteak beste, Francisco Ayala, Rafael Alberti, Jose Hierro, Camilo Jose Cela eta Vicente Aleixandreri erretratua atera zien argazkilariak.

Argazkilaritza Sari Nazionala

Schommerek Alemanian eta Parisen ikasi zuen eta 60ko eta 70eko hamarkadetako joera berritzaileenei lotuta egon zen beti. 2013an Argazkilaritza Sari Nazionala irabazi zuen.

Erretratuan aditua zen eta argazkigintzaren psikologoa zela diote askok; izan ere, bere pertsonaiei “mozorroa” kentzen zien.

Irving Pennen eta William Kleinen lanak Schommerrengan eragina izan du beti. Gasteizko argazkilariaren erretratu-sortak argitaratu dituzte komunikabideek azken 40 urteetan. Botere, ekonomia eta kultura eszenaratu dituzte Schommerren argazkiek.

Andy Warhol, Roy Lichtenstein eta Susan Sontag

AEBetako gizartea ere islatu du bere erretratuetan. Andy Warhol, Roy Lichtenstein eta Susan Sontag AEBetako ikonoei argazkiak egin dizkie arabarrak.

Artistak herrialde askotan erakusketak egin ditu eta bere lanak nazioarteko aldizkari ospetsuenek argitaratu dituzte. 1996an San Fernandoko Arte Ederren Akademian sartu zen, eta Kultura Ministerioak Arte Ederren Urrezko Domina eman zion 2009an.

Hiletarik ez

Bestalde, Schommer datorren larunbatean erraustuko dute, Donostiako  Recalde tanatorioan, goizeko 09:00etan.

Donostiako Vascongada Ehorztetxeak zehaztu duenez, familiak ez du hiletarik edo ekitaldi zibilik antolatuko, eta, era berean, hil-kaperarik ez jartzea erabaki dute.

Beilatokia Shommerrek Donostian duen etxean dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Artea Gizartea Gaurko titularrak Kultura Gaurko azken ordukoa Argazki artistikoen erakusketak