Gizartea -

Coruñako krimena

Asunta Basterraren gurasoak epaitzeko herri-epaimahaia, osatuta

Rosario Porto eta Alfonso Basterra dira auzipetu bakarrak eta asteazken honetan deklaratuko dute epaitegian.

Santiagoko epaitegietako aretoa. Argazkia: EFE
Santiagoko epaitegietako aretoa. Argazkia: EFE
Ikusmin handiz hasi da Asunta Basterraren hilketaren epaiketa

2:00

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asunta Basterraren hilketa argitzeko epaiketa gaur goizean hasi da, herri-epaimahiaren hautaketarekin. Gurasoak dira akusatu bakarrak, eta 20 urteko espetxe-zigorra ezar diezaiekete.

Bost gizonezkok eta lau emakumezkok osatuko dute 12 urteko neskatoaren hilketa epaituko duen herri-epaimahaia.  Beste bi pertsona ere izendatu dituzte, ordezko izateko.

Herri epai-mahaia eratzeko lehen saioak lau orduko iraupena izan du eta lau hautagai baztertu dituzte bertan.  Horietako hiru akusatuen defentsak (Jose Lusi Gutierrez da Rosario Portoren abokatua; eta Belen Hospido, Alfonso Basterrarena) errefusatu ditu. Laugarrena, berriz, Jorge Fernandez Estatuko Fiskaltzaren abokatuak baztertu du.

Bestalde, epaiketak amaitu bitartean herri-epaimahaiko kideek debekatuta izango dute alde ezberdinetako abokatuekin nahiz auzia jarraitzen ari diren kazetariekin hitz egitea. Epaiketa urriaren 21a arte luzatuko dela espero dute.

Epaiketa

Epaimahaiaren aukeraketan izateko eskubidea zuten akusatuek, baina gaurko saiora ez joatea erabaki dute. Horrela, Rosario Porto eta Alfonso Basterra irailaren 30ean joango dira Lurralde-auzitegira. Orduan deklaratuko dute, baita urriaren 1ean eta 2an ere.

Irailaren 30ean aurretiazko kontuak ebatziko dituzte. Ondorioz, gurasoetako batek ostegunera arte deklaratuko ez duela ematen du. Hala ere, azken erabakia Jorge Cid magistratuak du.

Inputatuek deklaratu ondoren, guztira 84 lekuko eta 60 aditu deituko dituzte. Hala ere, aldeek horietako hamar atzera bota dituztela azaldu dute iturriek. Ahozko saioak ia hilabete bateko iraupena izatea espero da, urriaren 21era arte.

Urriaren 5ean frogak aztertzen hasiko dira. Era berean, neskaren lagunak, irakasleak, auzokideak eta ikerketan parte hartu zuten poliziak galdekatuko dituzte.

Clara Campoamor elkarteak gurasoei 20 urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu zuen. Fiskaltzak, ostera, eskakizuna bi urte murriztu zuen. 18 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen fiskalak.

Ikusmina, komunikabideen artean

Asunta Basterraren hilketaren ahozko saioa 30 komunikabidetako 100 kazetarik baino gehiagok jarraituko dute.

12 urteko neskaren hilketak ikusmin handia sortu du komunikabideen artean; izan ere, gertakariak Espainia astindu zuen. Biktimaren gorpua 2013ko irailaren 22an aurkitu zuten Teo udalerrian (Coruña), mendi-bide batean.

Santiagoko epaitegietan prentsa-areto bat prestatu dute, komunikabideek ahozko saioa bertatik jarraitu ahal izateko, beste prozesu garrantzitsu batzuetan orain gutxi egin bezala, Codex Calixtinus lanaren lapurreta epaitu zuen auzian esaterako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak Epaiketak albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Galizia albisteak Umeak albisteak Giza hilketak Gurasoak albisteak