Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Erandioko hilketa matxista gaitzetsi du Bilbok

Ehunka lagun bildu dira Bilboko udaletxean antolatutako elkarretaratze isilean. Arratsaldean Erandion egin dute protesta.

Bilbon bilkura
Bilbon bilkura
Almudena Matarranzen heriotza gaitzesteko bilkura, Bilbon

0:59

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Almudena Matarranz Erandion bikotekideak ustez hil zuen 39 urteko emakume bilbotarraren hilketa matxista salatu dute ehunka herritarrek eta agintarik Bilbon.

Udaletxe atarian 13:00etan egindako bilkura isil batean, hilketa matxista (hirugarrena Euskal Herrian) eta emakumeenganako indarkeria oro gaitzetsi dute bildutakoek, euripean.

Han izan dira, besteak beste, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Jose Andres Blasco Enplegu sailburuordea, Libe Amiliba Gizarte Politiken sailburuordea eta Ana Reka Segurtasun Kabineteko zuzendaria.

Arratsaldean, ehunka lagun elkartu dira Erandioko Astrabudua auzoko Josu Murueta plazan, emakumeen elkarteek antolatuta, hilketa matxista gaitzesteko. Bestalde, Emakumeen Mundu Martxak hainbat elkarretaratze deitu ditu datozen egunetarako.

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Erandioko eta Bilboko udalek agertu duten hilketaren kontrako gaitzespena. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzao bozeramaileak gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoaren lehen minutua baliatu du krimena gaitzesteko eta Matarranzen senitartekoei doluminak agertzeko: "Erabat gaitzetsi nahi dugu genero indarkeriak beste hildako bat eragin izana eta indarkeria matxistaren behin betiko desagerrarazteko gure konpromisoa berretsi nahi dugu", adierazi du Erkorekak agerraldian.

Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak ere bere gaitzespena agertu du eta "matxismoaren kontra eskutik helduta" joateko eskatu die erakundeei eta herritarrei.

Erandioko Udalaren gaitzespena

Almudena Matarranzen hilketa gaitzetsi du Erandioko Udalak, eta “emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean isilik ez geratzeko eta ez onartzeko” eskatu die Udalak herritarrei.

Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat onartu du, talde guztien babesarekin. “Indarkeria matxista egoera deitoragarri baten ondorioz emakumea tragikoki” hil dutela gaitzetsi du Udalak. Era berean, atsekabea azaldu du Bozeramaileen Batzordeak, eta gertakari ulergaitza dela esan du. Halaber, elkartasuna adierazi diete biktimaren senide eta lagunei .

Gainera, milaka emakume zuzenean kolpatzen dituen egoera horiek gizartearen eta gure eguneroko bizitzaren parte direla gogorarazi die herritarrei. “Heriotza hau indarkeria matxistaren adierazpen indartsuena da, baina emakumeen aurkako erasoak egunero gertatzen dira, guztiak gaitzesgarriak”, gaineratu du Udalak.

Udalaren ahotan, “emakumeen aurkako erasoak segurtasun fisikoaren eta moralaren kontrako erasoak dira, eta baita emakumeen duintasunaren aurkako erasoak ere”. “Ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina da, eta salatu egin behar da, ez onartuz, isilik ez geratuz eta biktimei babesa emanez”, erantsi du.

Salaketarik ez

Emakumezkoaren bikotekidea, gizonezko bat, atxilotu zuen atzo arratsaldean, Erandion , krimenaren egilea delakoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik baieztatu zutenez.

Biktima astelehen goizean topatu zuten hilik, mutil-lagunaren etxebizitzan. Emakumea desagertuta zegoen igandetik, eta Ertzaintza gizonezkoa bilatzen ari zen.

Azkenean, Erandion topatu zuten, Akarlanda parkean dagoen jatetxe baten aparkalekuan, autoaren barruan.

Biktimak ez du inoiz tratu txarrik salatu, baina “eztabaidak ohikoak ziren”, auzokide batzuen arabera, Radio Euskadik jakin duenaren arabera.

Bestalde, Bilboko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat adostu zuen atzo, krimena gaitzesteko. Biktima Bizkaiko hiriburuan erroldatuta zegoen.

Agiri horretan, Juan Mari Aburto alkateak eta EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko, PPko, Udalberriko eta Goazen Bilbaoko bozeramaileek "samina" adierazi zieten biktimaren senide eta lagunei.

"Heriotza hau indarkeria matxistaren adierazpiderik larriena da, baina egunez egun asko dira emakumeen kontra zuzentzen diren jarrerak eta adierazpenak, eta horiek guztiak gaitzestekoak eta arbuiatzekoak dira", ohartarazi zuten.

 

_____________________________________

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Indarkeria matxista gaur Erandio Delituak azken ordukoa Gizartea albisteak Gaurko titularrak Leioa argazkiak Gaurko azken ordukoa Erailketak