Gizartea -

Epaia

3 urteko zigorra Uxueko jabeari, Bilbao Basketi iruzurra egiteagatik

Sergio Castro Lahuerta Uxue enpresako jabeak kasazio helegitea aurkeztu ahal izango du Auzitegi Gorenean.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak hiru urteko kartzela zigorra ezarri dio Sergio Castro Lahuerta Uxue energia berriztagarrien enpresako jabeari, Bilbao Basket taldeari iruzurra egitea leporatuta, "Deia" egunkariak berri eman duenez.

Epaiaren arabera, epaileak iruzur delituaren ardura egotzi dio Sergio Castrori eta, horregatik, hiru urteko kartzela zigorra, sufragio pasiborako eskubide izateko inhabilitazioa, bederatzi hilabetez eguneko 10 euroko isuna eta epaiketaren gastuak ordaintzeko zigorra ezarri dio. Halaber, Bilbao Basketi 900.000 euroko kalte-ordaina (BEZa aparte) ematera zigortu du.

Orain bost eguneko epea du Sergio Castrok Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkezteko.

Bestalde, epaileak absolbitu egin du Sergio Olmos akusatua.

Bilbao Basket eta Uxue enpresak babesletza hitzarmena sinatu zuten 2012ko abenduaren 1ean eta, horren arabera, saskibaloi taldeak 6.900.000 euro jaso behar zituen 2017ra bitartean.

Uxue enpresak 900.000 euroko (BEZa aparte) ordainketa egin behar zion 2013ko lehen hiruhilekoan Bilbao Basketi, baina dirurik jaso ez zuela ikusita, kontratua bertan behera uzteko erabakia hartu zuen Bilbao Basketek.

Bilbao Basketek positiboki baloratu du epaia

Bilbao Basketek modu positiboan baloratu du Sergio Castro Uxue enpresako jabea 900.000 euro ordaintzera behartzen duen epaia, baina "zuhur" agertu da Sergio Castrok oraindik ere helegitea aurkezteko aukera duelako.

"Epaiaren balorazio positiboa egin behar da 900.000 euro ordaindu behar dizkigula dioelako epaiak, baina zuhurrak izan behar dugu eta kontuan zertan gelditzen den ikusi. "Oraindik goiz da balorazio bat egiteko eta alderen batek epaiari helegitea aurkezten dion ala ez ikusi behar da", adierazi du Eduardo Garate Bilbao Basketeko zuzendari nagusiak ohar batean.

Saskibaloi taldeak zehaztu duenez, epaiak partzialki aintzat hartu ditu Bilbao Basketen eskariak; izan ere, Sergio Castrorentzat bost urteko kartzela zigorra eta taldeari 6,9 milioi euroko ordainketa egitea egitea eskatzen zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bilbao Basket Eguneko albisteak