Gizartea -

Zirkulazioa

43 pertsona hil dira Bordele inguruan izandako trafiko istripu batean

Autobus batek eta kamioi batek talka egin dute. Hildakoen artean 3 urteko ume bat dago.

Istripua, Bordelen. Argazkia: Efe
Istripua, Bordelen.
43 lagun hil dira Bordeletik gertu izandako trafiko istripu batean

1:21

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

43 pertsona, tartean 3 urteko ume bat, hil dira istripuz gaur goizean 123 errepidean, Puisseguin herrian, Bordeletik gertu (Frantziako Estatua), bertako prefekturak jakitera eman duenez.

Beste lau pertsona larri zauritu dira, bi burezurreko kolpeekin eta beste bi zauri handiekin, eta Bordeleko ospitalera eraman dituzte, Pierre Dartout prefektuak azaldu duenez.

Xabier Sublett Libourneko alkateak esan du kamioiak egurra zeramala kontrola galdu eta errepide erdian geratu denean. Orduan, autobusak jo egin du; izan ere, gidariak, bizirik atera den arren, ezin izan du ezer egin kamioia saihesteko, eta, ondorioz, istripua izan aurretik ateak ireki ditu, bidaiarien ebakuazioa errazte aldera.

Baina talkak leherketa bat eragin du, eta bi ibilgailuak kiskali dira.

43 hildakoen artean, 41 autobuseko bidaiariak ziren (orotara 49 zihoazen), eta beste biak kamioiaren gidaria eta horrekin batera zihoan 3 urteko ume bat; horren semea segur aski.

Autobusa Petit-Palais 800 biztanle eskas dituen herritik abiatu da minutu batzuk lehenago. Arzacqera zihoazen egunpasa, herriko erretiratuen elkarteak antolatutako bidaian.

Noel Mamere diputatu ekologistak esan du ezbeharra gertatu den bihurgunean "ikuspena oso txikia" dela, lehen ere gertatu izan direla istripuak, eta bertako agintariek eskatuak zituztela erreformak.

1982ko uztailean autobus baten istripuan 53 pertsona, 44 haur tartean, hil zirenetik gertatu den istripu larriena da gaurkoa.

Frantziako agintariek segurtasun dispositibo handia zabaldu dute, 60 bat suhiltzailerekin. Gainera, larrialdi zerbitzuek soilik bot pertsona aurkitu dituzte bizirik.

Manuel Valls lehen ministroa eta Bernard Cazeneuve Barne ministroa ezbeharra gertatu den lekura bidean doaz. François Hollande presidentea, berriz, Grezian da, bidaia ofizialean, eta "atsekabea" agertu du bertatik.

200 jendarme inguru daude inguruan biktimei laguntzeko eta Libourneko Fiskaltzak beregain hartu duen ikerketa abian jartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea