Gizartea -

Lan Eskaintza Publikoa

Osakidetzako LEPa Donostiako Politeknikoan eta BECen egingo dute

Azterketa-probak Donostiako Eskola Politeknikoan egingo dituzte azaroaren 21ean eta 22an, eta Barakaldoko BECen, berriz, abenduaren 12an eta 13an.

Azaroa eta abendua bitartean egingo dituzte Osakidetzako azterketa-probak. Argazkia: EiTB
Azaroa eta abendua bitartean egingo dituzte Osakidetzako azterketa-probak. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoaren probak Donostiako Eskola Politeknikoan egingo dituzte datorren azaroaren 21ean eta 22an eta Bizkaian, berriz, Barakaldoko BECen egingo dituzte, abenduaren 12an eta 13an, Osakidetzako Giza Baliabideetarako Zuzendaritzak jakitera eman duenez.

Ohar baten bidez Osakidetzak zabaldu duenez, aukeratuta daude jada azterketak zuzenduko dituzten epaimahaiak.

Gauzak horrela, azaroaren 21ean Donostian izango diren probak honako kategoriakoak izango dira: Familiako Medikua LMT, Emagina, eta Laborategiko Teknikaria; azaroaren 22an, berriz, honako kategoria hauek aurkeztuko dira: FE Pediatria Medikua LMT, eta Fisioterapeuta.

Bestalde, Barakaldoko BECen izango diren probei dagokionez, abenduaren 12an Administrari Laguntzaileak eta Zeladoreak aurkeztuko dira. Abenduaren 13an, aldiz, Erizainen eta Erizain Laguntzaileen txanda izango da.

Lan eskaintza horrek eskainitako berrikuntzen artean, honako hauek daude: "gardentasuna" bermatzeko hainbat neurri, eta lantokia aukeratzeko aukera duten hautagaien behin betiko zerrenda publikatu aurretik, horiei ezarritako behin-behineko puntuazioaren berrikuspena eskatu ahal izatea, besteak beste.

Erantzun anitz dituzten galderek osatuko dute azterketa, argitaratutako bibliografiari erreparatuta, eta erantzun okerrik ez du zigorrik ekarriko.

Amaitzeko, Osakidetzak iragarri duenez, datorren astean hautagaien behin betiko zerrenda argitaratuko du. Lan Eskaintza Publiko horrek 1.014 plaza eskainiko ditu guztira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Donostia bideoak Barakaldo Albisteak