Gizartea -

Bizkaian

Ertzaintzak 'sabotajetzat' jo du Bizkaibuseko 8 autobusen erretzea

Lehen ikerketen arabera, sabotaje ekintza bat izan da; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak baieztatu duenez, gasolina eta petardo arrastoak aurkitu dituzte inguruetan.

Bizkaibuseko zazpi autobus erabat kiskali dira. Argazkia: Efe
Bizkaibuseko zazpi autobus erabat kiskali dira. Argazkia: Efe
Sabotaje batek zortzi autobus kiskali ditu Derion

2:00

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaibuseko Derioko garajean goizaldean piztutako sutea nahita eragindakoa izan da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez. Lehen ikerketen arabera, sabotaje ekintza bat izan da; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak azaldu duenez, gasolina eta petardo arrastoak eta Ibon Iparragirre presoari erreferentzia egiten dioten orriak aurkitu dituzte inguruetan.

Guztira, zortzi autobus kiskali dira Bizkaibusek Derion duen garajean, Ugaldeguren industriagunean. Sua piztu den unean, autobusak hutsik eta garajearen kanpoaldean zeuden. Su hartu duten zortzi autobus horietatik zazpi erabat kiskalita gelditu dira, eta zortzigarrenean, berriz, kalte handiak izan dira.

Sutea 01:00etan piztu da oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko. Sutearen tokira bertaratu dira Derioko, Artatzako eta Uriosteko suhiltzaileak eta 04:30ak eta 05:00ak bitartean garrak itzaltzea lortu dute. Halaber, suhiltzaileek Bizkaibusek ondoko pabiloia babestu behar izan dute sugarrak hara zabaldu ez zitezen.

Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du sutearen nondik norakoak argitzeko.

Gisa horretako hirugarren gertakaria 15 hilabetean

Gaurkoa, 15 hilabetean gertaturiko gisa horretako hirugarren gertakaria da.

Iazko abuztuan Lujua enpresa pribatuko bost autobus erre zituzten Loiun, nahita eragindako sute batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu zuenez. Sutea piztu zen tokitik 50 metrora ETAko presoen alde etxean egindako panfleto batzuk aurkitu zituen Ertzaintzak. Suteak milioi bat euro inguruko kaltea eragin zuen. Talde anonimo batek bere gain hartu zuen eraso, gaixo dauden ETAko presoen etxeratzea eskatzeko ekintza gisa.

Hilabete geroago, 2014ko irailean, Bizkaibuseko hiru autobus kiskali ziren Zorrotzako garajean. Inguruetan Gudari Eguneko panfletoak aurkitu zituen Ertzaintzak. Halaber, kalte materialak 900.000 euro ingurukoak kalte materialak zenbatu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak albisteak Bizkaibus Eguneko albisteak