Gizartea -

Gipuzkoa

Errenterian bi laguni eraso egiteagatik atxilotu eta kartzelatu dute

30 urteko gizona emakume bati sakelakoa lapurtzen saiatu zen, eta hark aurre egiten ziola ikustean, eraso egin zion. Jarraian, biktimari laguntzera joan zen gizon bati ere oldartu zitzaion.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

30 urteko gizonezko bat Martuteneko (Donostia) kartzelan sartu dute Errenterian bi laguni, emakume bati eta gizon bati, eraso egiteagatik. Biktimetako bat ospitalean dago, larri.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak igandean atxilotu zuen gizona, goizaldean bi laguni eraso egitea egotzita. Gertaerak Alaberga auzoko pub baten kanpoaldean jazo ziren.

Biktimek jarritako salaketaren arabera, gizonezkoa emakume bati sakelako telefonoa lapurtzen saiatu zen, eta honek aurre egiten ziola ikustean, botila batez eraso zion, eta baita zauriak egin ere.

Handik gutxira, biktimari laguntzera joan zen gizonezko bati ere eraso zion; zauri larriak egin zizkion lepoan. Gizona ospitalera eraman behar izan zuten, eta han dago oraindik.

Gertakarien berri izan eta berehala, erasotzailearen bila abiatu ziren Ertzaintzaren agenteak, eta aurrekariak zituen gizon bat atxilotu zuten. Asteartean eraman zuten epailearen aurrera, eta honek kartzelara bidali zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errenteria albisteak