Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Genero indarkeriak hiru hildako utzi ditu Kordoban eta Valentzian

Emakumeen aurkako indarkeriak ustez hiru hildako utzi ditu Baenan (Kordoba) eta Llirian (Valentzia). Ustezko bi genero indarkeria kasu izan dira.

Duke Lliria kalean jazo da gertaera. Argazkia: EFE
Duke Lliria kalean jazo da gertaera. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumeen aurkako indarkeriak ustez hiru hildako utzi ditu Baenan (Kordoba) eta Llirian (Valentzia). Ustezko bi genero indarkeria kasu izan dira.

Larunbatean emakumeen aurkako indarkeriaren kontra neurriak hartzea eskatzeko Madrilgo kaleak hartu zituzten milaka pertsonek. Egun bat geroago albiste txarrak, berriro.

Ama bat eta alaba bat tiroz hil dituzte igande honetan Llirian (Valentzia). Manuel Civera udalerri horretako alkate sozialistak dioenez, Poliziaren arabera, litekeena da indarkeria matxistarekin lotutako krimena izatea.

Segurtasun indarrek ustezko hiltzailea atxilotu dute, udalerriaren irteeran, alkateak jakinarazi duenez. Antza, ustezko hiltzailea bigarren emakumezkoaren bikotekide ohia da, bananduta zeuden, eta urrutze-agindua ezarrita zuen.

Alkatearen esanetan, bi emakumeak "ondo-ondotik botatako tiro batekin" hil ditu, Lliria Dukea kalean, igande honetako 17:45ak aldera. Emakumeekin zihoan haur bat onik atera da, eta Guardia Zibileko kuartelera eraman dute.

Nahiz eta hasiera batean alkateak hilketen ustezko egilea 19:45ak aldera atxilotu dutela esan, egiatan gertatu dena da bere burua entregatu duela 23:00ak bueltan Guardia Zibilak Valentzian duen komandantzian.

Valentziako Generalitateko iturriek jazoera baieztatu dute, eta emakumezkoen heriotza Guardia Zibilak berretsi du. Gainera, ikerketa abiatu dute hilketaren nondik norakoak argitzeko.

Beste hilketa bat Kordoban

Ordu batzuk lehenago, Guardia Zibilak ikerketa abiarazi du Kordoban, 28 urteko emakumezko bat Baenako kortijo batean hilik agertu ostean. Gainera, 51 urteko bikotekidea ere hilda aurkitu dute. Baliteke genero indarkeria beste kasu bat izatea.

Hainbat iturrik adierazi dutenez, litekeena da gizonezkoak emakumezkoa tirokatu izana, eta geroago, bere buruaz beste egin izana. Biak aipatutako kortijoan bizi ziren, Baena udalerrian.

Hilotzak larunbat arratsalde-gau aldera aurkitu dituzte, eta autopsien emaitzen zain daude ikerketaren arduradunak. Emakumezkoak ez zuen aurretik indarkeria generoarekin lotutako salaketarik jarri.

--------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa