Gizartea -

2015eko 'Single Day'

'Ezkongabeen Eguna', Txinako maratoi kontsumista, abian

Alibaba sareko erraldoiak 9.300 milioi dolarreko salmentak egin ditu 12 orduan, inoizko markarik onena onduta.

Salmenta marka guztiak hautsi dituzte aurten Txinako sareko dendek. EFE
Salmenta marka guztiak hautsi dituzte aurten Txinako sareko dendek. EFE

Eider Garaikoetxea | EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Ezkongabea bazara, erosi". Lelo hori izan lezake Txinako Guanggun Jie edo Singles' Day egunak (Ezkongabeen Eguna). Urtero, azaroaren 11n, Interneteko milioika erabiltzaile txinatarrek ordenagailuaren aurrean ematen dute eguna, sareko pagotxa onena eskuratzeko asmoz. Izan ere, egun horretan % 50eko deskontua egiten dute Alibaba, JB eta Yetang merkataritza elektronikoko erraldoiek.

AEBn, antzeko bi egun dituzte, Black Friday eta Cyber Monday, baina Singles' Day egunak bikoiztu egiten du horien fakturazio eta erosle kopurua. Txinatarrek gero eta diru gehiago gastatzen dute azaroaren 11n: iaz 7.500 milioi euro eskuratu zituzten Taobao (saltzaile txikiak biltzen dituen ataria, Ebayren antzekoa) eta Tmal (Alibaba konpainia ahalguztidunarena, Interneten operazioen % 80 hartzen dituena) webguneek, Black Friday eta Cyber Monday egunetan bildu ohi dutenaren bikoitza.

Maratoi kontsumistaren egun erdia gaindituta, egindako salmenten berri eman du Jack Ma Alibabako presidenteak: 12 orduan, 9.300 milioi dolarreko fakturazioa lortu dute. Horrenbestez, inoizko markarik onena erdietsiko dute.

Xiaomi eta Huawei (telefonia mugikorra eta telekomunikazioak), Haier (etxetresnak), Linshimuye (altzariak), Uniplo (arropa eta osagarriak) edota nazioarteko Zara, Nike eta Apple marka ezagunek, besteak beste, beherapen handiak egin dituzte gaur.

Ezkongabe izateagatik, harro

Egun Txinako kontsumismoaren ikur bada ere, sorreran erostearekin zerikusi gutxi zuen egun horrek. 90eko hamarkadan sortu zuten San Valentin edo Maiteen Egunaren alternatiba gisa. Nankingo Unibertsitateko gazte batzuei otu zitzaien ideia, ezkongabe izatea harro egoteko eta ospatzeko moduko zerbait dela iritzita. Izan ere, Txinako gizartea oso tradizionala da, eta gazteek, neskek bereziki, presio handia izaten dute lehenbailehen ezkontzeko. Ospakizuna egiteko aukeratutako data berezia da oso: egunaren eta hilabetearen zifrak batuta (11-11) lau ematen baitu, eta horrek hostorik gabeko arbola irudikatzen du Txinan, alegia, oraindik ezkondu ez direnen metafora.

Unibertsitario batzuk hasi ziren Ezkongabeen Eguna ospatzen. Handik gutxira, baina, unibertsitateko ohitura bilakatu zen. Youtiao izenaz ezagutzen den jaki txinatar tipikoa jateko eta karaokeetan abesteko geratzen ohi ziren gazteak elkarrekin.

2009an, baina, beste ukitu bat hartu zuen festak. Alibaba sareko merkataritzaren erraldoiak bere egin zuen ezkongabeen festa, eta deskontuak eskaini zituen 24 orduz. 2010ean, merkealdi handiagoa egin zuen Txinako Amazon izenaz ere ezagutzen duten horrek. Ordudanik hazten joan den fenomenoa da. Kontsumismoak, badu, beraz, bere eguna Txinan.

Txinako mugetatik harago

Asiako herrialdearen merkatuarekin ase ez, eta nazioarteko merkatuak konkistatzeari ekin diote orain "komertzioaren marrazoek". AliExpress eta Tmall Global nazioarteko webguneek Ezkongabeen Egunarekin bat egin zuten 2014an. Pagotxak eskuratzeko aukera izan zuten iaz Hong Kongen, AEBn, Hego Amerikan eta Espainiako Estatuan.

Aurten, 100 milioi produktu "prezio zoragarrian" dituztela iragarri du AliExpress Espainiak.

Jack Ma Alibabako presidentearen esanetan, Ezkongabeen Eguna mundu mailako hitzordua izango da bost urteren buruan. Ikuskizun dago.

Jack Ma Alibaba Txina China dia de los solteros. EFE

Jack Ma, Tmall webguneak 'Singles' Day'ren kontura egindako gala batean. EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Txina bideoak