Gizartea -

Genealogiari buruzko ataria

Ba al da munduan nire abizena duenik?

11 milioi abizen dituen datu-base bat oinarri, munduan barrena duten banaketa, jatorria edo esanahiari buruzko zalantzak argitzen ditu Forebears webguneak.

EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egin ezazu proba: amaren edo aitaren abizena bilatzailean sartu, eta aurkitu ezazu non bizi diren zure deitura bera dutenak. Harritu egingo zara, akaso, edo aurretik zenekiena baieztatuko duzu, agian. Ez dago gauza errazagorik; doan da, gainera. Aukera hori Forebears webguneak eskaintzen du, abizenak munduan barrena kokatu, jatorriari buruzko azalpenak eman eta esanahiaren inguruko argibideak ere ematen ditu atariak.

Norberaren jakin-mina asetzeaz gain, genealogiazaleek gustuko izango dituzten erregistro eta datu piloa eskaintzen du Forebearsek. 11 milioi abizen jasotzen dituen datu-basea du oinarri, hainbat herrialdetako erregistro zibil eta eklesiastiko eta genealogia zentroetako informazioa jasota.

Webgunea arakatuta, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan zabalduen dauden euskal zortzi abizenak zein diren ere jakinarazi dute (iturria, Espainiako Estatistika Institutua, INE). Zabala da munduan hedatuena, 124.815 lagunek dute, gutxi gorabehera. Bat baino gehiago harri eta zur geratuko da, ordea, Zabala gehien non dauden begiratuta: Filipinetan. Kolonbia eta Argentina daude zerrendan ondoren. Espainiar Estatuan (zerrendan, seigarren herrialdea da) 9.247 daude. Madariaga abizena ere (26.233) munduan barrena entzun daiteke. Non dagoen hedatuen? Bada, batez ere, Txilen eta Mexikon.

Apellido Madariaga en el mundo. Forebears

Txilen daude Madariaga gehien. Forebears

Garmendia gipuzkoar jatorriko abizena duten 24.648 lagun daude munduan, eta, besteak beste, Euskal Herrian, Mexikon, Argentinan eta Venezuelan bizi dira. 13.670 pertsonak dute munduan Larrañaga abizena (Forebearsen Larranaga da topatu dugun aipamen bakarra), eta Euskal Herrian ez ezik, Mexikon, Argentinan, AEBn eta Kolonbian aurkituko ditugu. Alberdi (8.946) eta Agirre (2.734) Gipuzkoako abizenak Argentinan, Mexikon edo Paraguain topatuko ditugu, besteak beste. Bizkaian dezente diren Etxebarriatarrek (3.010), Frantzian, Erresuma Batuan eta AEBn dituzte ahaideak. Harritzekoa bada ere, ez dugu Goñi abizen nafarraren arrastorik topatu webgunean.

Espainiar Estatuko abizen ohikoenen zerrenda ere badute Forebearsen. Ezusterik ez, oraingoan. Garcia da zabalduena, eta atzetik Gonzalez, Rodriguez, Fernandez eta Lopez ditu. Frantziako Estatuko abizen zabalduenen rankingak Martin du buru. Durand, Bernard, Dubois eta Dupond ere badaude bost arruntenen artean.

2012ko ekainean sortu zuten Forebears webgunea, baina ez da alor honetan dabilen bakarra, ezta urrik ere. Ancestry izenekoa "munduko genealogia komunitate handiena" omen da: 50 milioi zuhaitz genealogiko eta 12.000 milioi erregistro ditu. Aspaldikoa da FindMyPast ingelesa ere, eta erregistroak digitalizatzen aurrenetarikoa izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albiste xelebreak Albisteak Nafarroa EAE albisteak Albisteak