Gizartea -

Gaixotasuna

Hiru haur hil dira kukurruku eztulak jota hilabeteren buruan

Espainiako Estatuak 7.200 kukurruku eztul kasu baino gehiago atzeman ditu aurten, iaz halako hiru.

Kukurruku eztularen aurkako txertoa. Argazkia: EiTB
Kukurruku eztularen aurkako txertoa.
Kukurruku eztularen aurkako txertoa. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatuak 7.200 kukurruku eztul kasu baino gehiago atzeman ditu aurten, iaz halako hiru, eta dagoeneko hiru haur hil dira hilabete baten buruan, Karlos III.a Osasun Institutuko Epidemiologia Zentroak jakitera eman duenez.

Nahitaez jakinarazi behar den gaixotasuna denez, erakunde horrek astero atzematen diren kasu guztiak erregistratzen ditu, eta, azken buletinaren arabera, 7.224 kasu atzeman dituzte urtean zehar urriaren 18a arte. Egun horretarako, 2.870 kasu atzeman zituzten 2014an.

Urte bat baino gutxiago duten haurretan ematen da gehien, bi hilabete bete aurretik bereziki, txertoaren lehenengo dosia orduan ematen baitute.

Katarro gisa hartzen da hasieran, baina "eztulak eta arnasa hartzeko arazoak astebete baino gehiago iraun ahal dute", Francisco Alvarez Espainiako Pediatria Elkarteko kidearen arabera.

Hala eta guztiz ere, batzuetan gogorragoa da gaitza, eta haurra hiltzea ere eragin dezake. 2007 eta 2012 artean, batez beste, 4,8 ume hil dira gaitz horren ondorioz Espainiako Estatuan, 3 urtetik beherakoak guztiak.

Azken hilabetean, hiru jaioberri hil dira gaitzak jota, txertoa jaso aurretik: lehena, Malagan, urrian; bigarrena, Sevillan; eta hirugarrena, Cuencan.

Prebentzio gisa, pediatrak haurdunaldiko 27. eta 36. asteen artean txertoa hartzea aholkatzen dute, haurra lehenengo txertoa jaso arte babesteko (Hego Euskal Herrian hala egiten da). Azken heriotzen ostean, Andaluziak, Murtziak eta Madrilek iragarri dute haurdunaldian txertoak jartzen hasiko direla sistematikoki.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gaixotasunak bideoak Gaurko azken ordukoa