Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Indarkeria matxista: salaketen kopurua % 21 igo da Gasteizen

Udalak Berehalako Harrera Zentroaren kudeaketa kontratatzeko txostena onartu du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtarriletik urrira 112 emakumek salaketa aurkeztu dute Gasteizko Udaltzaingoan, indarkeria matxistagatik, hots, iaz baino % 21 gehiago.

Nolanahi ere, ez dago argi zein da kausa: baliteke eraso matxistak igo izana, edo salaketa jarri duten biktimen kopuruak gora egin izana.

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea "kezkatuta" agertu da zenbakion aurrean, eta indarkeria matxista "emakumezko askorentzat oraindik ere arazo" dela esan du.

Prentsaurrekoan, Urtaranek aitortu egin du administrazioek "babes osoa" eman behar dietela biktimei.

Halaber, genero indarkeriak "denongan" duela eragina ohartarazi du, eta dei egin die gizonezkoei "aurrerapausoa eman" eta emakumeen aurkako erasoak salatzeko.

Bestalde, Urtaranek iragarri du Udalbatzak Berehalako Harrera Zentroaren kudeaketa kontratatzeko txostena onartu duela. Esleipena bi urterako izango da, eta 706.000 euroko kostua izango du.

Zentro horrek tratu txarren biktima diren emakumeak eta horien seme-alabak hartuko ditu, berehala eta behin-behinean. 2011tik dago indarrean, eta 12 pertsonarentzako lekua du. Iaz, 30 emakume eta 26 ume artatu zituen.

 

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Tratu txarrak Araba EAE Gasteiz Eguneko albisteak