Gizartea -

'Beldur Barik'

Amurrio, indarkeria matxistaren aurkako gazteen topagunea

Ekimenaren helburu nagusia da gazteek, eta bereziki neskek, indarkeria sexistaren adierazpen ezberdinak identifikatzen eta horiei aurre egiten ikastea da.

Amurrioko udaletxea. Argazkia: Marcos Ferrer
Amurrioko udaletxea. Argazkia: Marcos Ferrer
Amurrioko udaletxea. Argazkia: Marcos Ferrer

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeria matxistaren aurkako gazteen topagunea egingo dute datorren larunbatean Amurrion, Beldur Barik programaren baitan. Euskal Autonomia Erkidegoko gazteek hartuko dute parte eta bideo lehiaketaren sariak banatuko dituzte.

Lehiaketara 310 lan aurkeztu dituzte. Bideo horietan, ezberdintasun eta indarkeria kasuen aurrean nola jokatu erakutsi behar izan dute 12 eta 26 urte arteko neska-mutilek.

Ekimena Emakundek antolatu du, Eudelen, foru aldundien, Eusko Jaurlaritzaren, EHUren eta EiTBren laguntzarekin. Gazteek, eta bereziki neskek, indarkeria sexistaren adierazpen ezberdinak identifikatzen eta horiei aurre egiten ikastea da helburua.

Gainera, horrelako kasuen aurrean arduraz jokatu behar dutela irakatsi nahi diete mutilei, "gizonezkoen korporatibismoari aurre eginez", antolatzaileek adierazi dutenez.

Larunbat arratsaldean tailer ezberdinak izango dira, tartean, autodefentsa feministari buruzkoa, eta iluntzean bideo lehiaketaren sari banaketa egingo dute.

Bi kategoria izango dira: 12 eta 17 urte artekoena eta 18 eta 26 urtekoena. Bietan bina sari emango dituzte, 500 eta 300 eurkoak, hain zuzen ere. Gainera, Internet bidez boto gehien jasotzen duen lanak 300 euroko saria izango du, eta ikus-entzunezko produkziorik onenarentzat ere, 300 euroko beste sari bat izango da.

Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, euskal erakundeek puntu lila erabiltzeko dei egin diete herritarrei, eraso matxisten aurkako konpromisoa erakusteko sinbolo moduan.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Emakunde Gaurko azken ordukoa Aiarako kuadrilla gaur