Gizartea -

Euri-jasak

Urumea eta Argako arroak normaltasunera itzuli dira

Euri-jasa bortitzak protagonistak izan ziren atzo. Añarbeko urtegian 152 litro metro karratuko bota zituen. Beran (97 litro) eta Gorramendin (128,2) ere euria erruz bota zuen.

Gizon bat Hernaniko (Gipuzkoa) errugbi zelaiari begira. Argazkia: EFE
Gizon bat Hernaniko (Gipuzkoa) errugbi zelaiari begira. Argazkia: EFE
Urumea ibaian jarritako alerta, indargabetu dute

1:26

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euriaren eraginez, ibaiei begira egoteko orduak izan dira azkenak Euskal Herriko ekialdean, Gipuzkoan eta Nafarroan, Euskadi Irratiak azaldu duenez. Bereziki Urumea ibaiak bart iluntzean eta Arga ibaiak goizaldean eragin dute kezka, Urumea uneren batean atera ere egin da, baina ez da okerragorik gertatu. Uneotan alertarik ez da, abisu horiak kostaldean jarraituko du arratsaldera arte; 4-5 metroko olatuak espero baitira.

Hala, Urumea ibaiak ohiko lekuetan gainezka egin zuen bart; Goizuetan (Nafarroa), Hernanin (Gipuzkoa) eta Donostiako Martutene auzoan, Okendotegin, esaterako. Ondorioz, Hernanitik Fagollagara doan errepidea itxi behar izan zuten. Goizuetan ere errepidea itxi behar izan zuten. Leitzan, Leitzarango autobia hartzeko sarbidea itxi zuten, baina egoera dagoeneko egonkortu da.

Donostiako Udalak krisi mahaia deitu zuen atzo arratsaldean eta badaezpadako neurri gisa Martuteneko bizilagunei autoak Garbera merkataritza-gunera eramateko eskatu zien.

Gaur, Martuteneko bizilagunek lotura-zerbitzua erabili dezakete, 07:00etatik 10:00etara, ibilgailuen bila joateko.

152 litro Añarben

Euria erruz egin du azken 24 orduetan Gipuzkoan. Bi datu emate aldera: Berastegin 157 litro bota ditu metro karratuko eta 152 litro Añarben.

Uholdeak Hernaniko errugbi zelaian efe

Gizon bat Hernaniko (Gipuzkoa) errugbi zelaiari begira. Argazkia: EFE

Iruñean, Arga ibaiari begira izan dira. Gauerditik 02:00tara espero zen ur-pilaketa handiena; alerta maila gorria izan dute Iruñerrian, baina egoerak lasaitzera egin du.

Iruñeko Udaltzaingoak jakitera eman duenez, errepide guztiak zabalik daude uraren mailak behera egin duelako Nafarroako hiriburuan.

174 metro kubiko segundoko Argan

Atzo, azken orduan, alertaren 1 fasea aktibatu zuten Iruñean; izan ere, segundoko 174 metro kubiko emaria harrapatu zuen Argak. Oinezkoentzako zubiak itxi zituzten, eta baita Burlatako bidea eta Igeriketa Kluba ere.

Honezkero uraren mailak behera egin du, eta errepide zein bide guztiak zabaldu dituzte. Hala, Igeriketa Klubaren inguruan aparkatzeko baimena eman dute.

Hala ere, datozen orduetan egoera gertutik jarraituko dutela azaldu du Udaltzaingoak; izan ere, Nafarroako iparraldean euria egitea espero da, eta horrek ibaien ur-emaria gora egitea eragin dezake.

128 litro Gorramendin

Beran (97 litro metro karratuko); Donezteben (84); Etxarri-Aranatzen (64,6) eta Gorramendin (128,2) euria erruz bota zuen. Iruñean euri gutxiago egin zuen; 25 litro metro karratuko bildu ziren. Erriberan, ostera, oso gutxi edo batere ez zuen bota.

Hernaniko errugbi zelaia

Hernaniko (Gipuzkoa) errugbi zelaia urez gainezka. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Iruñea gaur Gipuzkoako albisteak Nafarroa gaur Hernani