Gizartea -

Osakidetza

Gripearen aurkako txertaketa kanpaina abenduaren 18ra arte luzatu dute

Berez, astelehen honetan bukatu behar zen, baina Darponek iragarri du beste 18 egunez izango dela txerto jartzeko aukera.

Gripe txertoa

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri duenez, gripearen kontrako txertoa jartzeko kanpaina abenduaren 18ra arte luzatzea erabaki du Osakidetzak. Berez, azaroaren 30ean bukatu behar zen.

Darponek Onda Vasca irrati-kateari eskainitako elkarrizketa batean emandako datuen arabera, orain arte 346.000 pertsonak jaso dute txertoa, 2014an baino % 3,5 gehiago.

"Ez dugu nahi inor txertatu gabe geratzea", esan du Osasun sailburuak. Hala, txertaketa kanpaina bi aste luzatzea erabaki dute Osasun Sailak eta Osakidetzak.

"Dagoeneko, 346.000 txerto ipini ditugu, iaz baino % 3,5 gehiago. Aurreikusitakoaren barruan gaude, baina ez gara horrekin konformatzen, gizartea zahartzen ari delako", azpimarratu du.

Darponen hitzetan, azken astean gora egin du txertoa hartzera joan diren lagunen kopuruak, eguraldi aldaketak eraginda akaso. "Urtaro aldaketarekin, indarrez hasiko da agertzen", ohartarazi du sailburuak.

Osasuntsu daudenentzat gaitz nekagarri baina onbera bada ere, konplikazio larriak eragin diezaieke arrisku taldeetan daudenei, baita heriotza ere. Txertoa jartzeko, osasun-etxe batera joan besterik ez da egin behar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza EAE Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Medikuntza albisteak Txertoak azken ordukoa