Gizartea -

Abenduaren 3an

Euskaldun berriei omenaldia, Euskararen Egunari begira

EAEko erakundeek gogorarazi dute duela 30 urte baino 300.000 euskaldun gehiago dagoela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Euskaldun berriei gorazarre, euskararen egunean

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek euskaldun berriak omendu dituzte gaur, datorren abenduaren 3an izan den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira.

Bilbon egindako ekitaldi baten egin diete aitortza, Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, lurralde horietako hiriburuetako udalek eta EUDELek adostutako adierazpen bat irakurrita.

Adierazpenean azpimarratu dutenez, euskara biziberritzeko prozesua, autonomia lortu zenetik, arrakastatsua izan da "gizarte osoaren esfortzuari esker; eta hazkunde funtzionala eta geografikoa izan den arren, demografikoa ere izan da".

Testuaren sinatzaileek "bi arrazoi nagusitan" oinarritzen dute hazkunde hori: "Alde batetik, hezkuntza; eta, bestetik, pertsona helduen euskalduntzea".

"Horregatik jarri nahi izan dugu arreta gure ustez eredu diren pertsona horiengan: euskaldun berriak; bereziki heldutasunean euskaldundu direnak, seme-alabei etorkizun euskalduna bermatu dieten gurasoak ahaztu gabe", azpimarratu dute adierazpenean.

Erakunde sinatzaileek gogorarazi dute Euskal Autonomia Erkidegoan duela 30 urte baino 300.000 euskaldun gehiago dagoela orain, eta kopuru "handia" dela hori, "esperantza elikatzen, etorkizuna indartzen eta euskararen biziraupenerako garrantzia berezia" hartzen duena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Bilbo Donostia bideoak Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskararen Nazioarteko Eguna Euskal Autonomia Erkidegoa Gasteiz berriak Gaurko azken ordukoa