Gizartea -

GAUBEAKO SUTEA

Suhiltzaileen zerbitzua 'hobetzeko beharra' aitortu du Gonzalezek

Gaubeako sutearen harira Arabako ahaldun nagusiak esan duenez,  'agerikoa' da suhiltzaileen parkeen kudeaketa 'hobetu' egin behar dela, baina 'ondorio okerrak' ez direla atera behar azpimarratu du.

Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia.
Ika-mika sortu da Gaubean, suhiltzaileen zerbitzua dela eta

1:42

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak (EAJ) gaur -asteazkena- adierazi duenez, ezin da lotura egin Espejoko Suhiltzaileen Parkeko zerbitzuaren gaueko etenaldia Gaubean izandako suteko heriotzarekin.

Gonzalezek gertatutakoa izan du hizpide Diputatuen Kontseiluaren ostean eta, berretsi egin duenez, Diputazioak bete egingo du aurreikusitako plana, lurralde historikoaren eskualde mailako unitateak (suteei begira) berrantolatzeko.

Ahaldu nagusiak, abenduaren 7an, Gaubean, izandako ezbeharraren kontaketa kronologikoa egin du eta, zehaztu duenez, SOS Deiak zerbitzuak 02:59an izan zuen sutearen berri. 03:02an, Miranda de Ebroko (Burgos) suhiltzaileen laguntza eskatu zuten eta, minutu bat geroago, anbulantzia -Espejotik ere abiatu zen, suhiltzaileak bezala- bidali zuten.

Gonzalezen arabera, anbulantzia 03:16an heldu zen sutea izan zen lekura. Ordurako, biktima kiskalitako etxetik kanpo zegoen, baina ezin izan zuten ezer egin heriotza ekiditeko.

Ahaldun nagusiaren ustean, horrek baieztatu egiten du Gaubeako suhiltzaileen unitateak ezingo zuela ezer egin, nahiz eta gaueko txandan zerbitzua izan; hori dela eta, "zuhurtzia izan beharra dago kontuak ateratzeko orduan".

Bestalde, Gonzalezek onartu egin du "agerikoa" dela suhiltzaileen parkeen kudeaketa hobetu behar dutela, baina, ohartarazi duenez, Gaubeako sutearen ostean "ez dira errealitatearekin bat ez datozen ondorioak atera behar". Horren ildotik, "lasaitasunerako deia" egin dio gizarte arabarrari.

Erkoreka: 'Jaularitzak ez dauka inolako erantzukizunik"

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaleak, aldiz, nabarmendu egin du Jaurlaritzak ez duela "inolako erantzukizunik" Arabako suhiltzaileen parkeen antolaketaren "gabeziei dagokienez", zerbitzu horien eskumena diputazioei eta udalei baitagokie.

Erkorekak, gainera, ukatu du -zenbait sindikatuk esan bezala- Jaurlaritzak suteak itzaltzeko zerbitzuaren inguruan egindako lege proiektuak arazoa areagotzea ekar dezakeenik eta halako egoerak maizago gerta daitezkeenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Suteak bideoak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Suhiltzaileak albisteak