Gizartea -

Giza Eskubideak

Frankismoaren Krimenen Aurkako Plataformak jaso du René Cassin saria

Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataforman elkartuta kereilak aurkeztu dituzten euskal biktimei eman die aurten Jaurlaritzak giza eskubideen René Cassin saria.

René Cassin
René Cassin
Frankismoaren krimenen salatzaileek jaso dute giza eskubideen saria

1:54

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataforman elkartuta kereilak aurkeztu dituzten euskal biktimei eman die gaur Giza Eskubideen René Cassin 2015 Saria Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak.

René Cassin sariaren epaimahaiak talde horrek egindako lana aitortu nahi izan du aurten, "justizia unibertsalaren defentsaren esparruan gauzatzen baitu bere jarduna, giza eskubideen urraketa larrien aurka egiteko tresna gisa".

Hautagaitza hori sarituz, plataformaren inguruan antolatutako euskal biktima kereilari guztiei "aitorpen morala" egin nahi die. "Ia 200.000 pertsona hil zituzten Estatuan epaiz kanpoko exekuzioen eta derrigorrezko desagerpenen bitartez, eta horietako 9.800 Euskadin hil zituzten", azaldu du Urkulluk. Lehendakariaren iritziz, "ez dira gertaera bakanak", eta, horregatik, René Cassin saria talde horri ematea "inpunitatearen kontrako mezu demokratiko bat" dela uste du, "jurisdikzio unibertsalaren printzipioa defendatzen" laguntzeko.

Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezek hasi du saria emateko ekitaldia. Epaimahaiak plataforma hori saritzeko erabakia hartu zueneko akta irakurri ondoren, taldeko lau kidek hartu dute parte: Josu Ibargutxik, Julia Mongek, Josefa Berasteguik eta Luis Ortizek. Beren bizipenak eta erakundean egiten duten lana azaldu dute.

Beren jardunaren bitartez gure gizartean giza eskubideen balioak nabarmen sustatzen laguntzen duten pertsona fisiko nahiz juridikoen lana publikoki aitortzeko asmoz sortu zuen Eusko Jaurlaritzak saria, eta René Cassin aukeratu zuen sariari izena emateko.

Baionan jaio zen René Cassin, 1887an, eta Bakearen Nobel saria eman zioten 1968an, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala egiten lagundu zuelako. Sari hori lortu duen euskal herritar bakarra da.

Presoen aldeko kartela

Bestalde, ekitaldian izan den lagun batek presoen eskubideen aldeko kartel bat atera du eta lehendakariak erretiratzeko eskatu dio.

Gertakariak Maixabel Lasa Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako zuzendari ohia hitz egiten ari zela jazo dira.

Bat-batean, lehen lerroan eserita zegoela, lehendakaria zutitu egin da eta hitzaldia eteteko eskatu dio Lasari. Atzera begiratu du eta presoen aldeko kartela atera duen ikusleari zuzendu zaio. Ekitaldia errespetatzeko, kartela erretiratzeko eskatu dio lehendakariak. Ikusleak ikurra gorde du eta ekitaldiak normaltasunez jarraitu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Iparraldea berriak Baionako bideoak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Frankismoa albisteak Memoria Historikoa