Gizartea -

Berdintasuna

Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea eta Hitzez, Emakunde sariak

Epaimahaiak landa eremuan emakumeen eskubideen eta berdintasunaren aldeko lanak aurkitzen dituen “zailtasun eta oztopo bereziak” kontuan izanda eman die saria.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Nekazal munduko emakumeen bi elkartek jasoko dute

1:30

E. Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakunde Sariko epaimahaiak Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea eta Hitzez Baserriko Emakumeen Elkartea saritu ditu aurten, Eusko Jaurlaritzak Irekia atariaren bidez jakitera eman duenez.

Epaimahaiak landa eremuan emakumeen eskubideen eta berdintasunaren aldeko lanak aurkitzen dituen “zailtasun eta oztopo bereziak” kontuan izanda eman die saria.

Epaimahaiaren iritziz, “bi entitateek garrantzia eman diote elkartze lanari, eta honek lagundu die berdintasun ezaren kontzientzia hartzeko prozesua abiatzen, banako eta talde modura indartzen eta baita euren eragin soziala handitzen”.

Honekin batera, epaimahaiak azpimarratu du sarean eta beste entitate eta elkarte batzuekin elkarlanean egindako bidea landa eremuko emakumeen eskubideak aldarrikatzeko, bereziki emakumeen titulartasuna ustiategi eta nekazaritza produkzioetan eta duela gutxi onartu duten Landa Eremuko Emakumeen Estatutuan parte hartzean.

 

Sari honen bitartez, epaimahaiak landa eremuan lan egiten duten emakume guztiei egin nahi die aitortza, kontuan izanik egiten duten ekarpena landa eremuen mantentze lanean, bertan bizi diren pertsona guztien bizi kalitatean eta beraien eredu jasangarriago baten alde. Honekin batera, sariaren bitartez ikustarazi nahi da emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko lana bizitzako arlo guztietan ematen dela.

Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea; emakumeek egindako lana aintzat hartzea eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzearren egindako lanetan nabarmendu direnak saritzea, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzearren egindako lanetan nabarmendu direnak ere. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da. Kasu honetan, entitate bakoitzak 7.200 euro jasoko ditu.

Emakunde Sariak lau alorretan banatzen ziren 2006ko ediziora arte. 2006an Emakundek pentsatu zuen egokia zela arloen aniztasunaren ikuspegia sartzeko beste modu batzuk antolatzea; hori dela eta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko ekarpen bakar bat saritzea erabaki zuen, nabarmenena, edozein arlotakoa izanda ere.

Sari bakarra ematen denetik, hauek jaso dute: Mari Jose Urruzola (2006), Bagabiltza elkartea (2007), Bizkaiko Emakumeen Asanblada (2008), Lilaton taldea (2009), Teresa del Valle (2010), Irun eta Hondarribiko alarde mistoak (2011), Bilboko Modulo psikosozialak (2012), La Posada de los abrazos elkartea (2013) eta Maria de Maeztu Forum Feminista (2014).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Araba Emakunde Eguneko albisteak