Gizartea -

Sua

Bermeoko suteak basoko 50 hektarea kiskali ditu

Sutea asteazken arratsaldean itzali dute. Litekeena da hasi izana linea elektriko batek zuhaiztia jo duelako. Arantzako sua ere itzali dute suhiltzaileek.

Sutea Bermeon. Argazkia: EFE
Sutea Bermeon. Argazkia: EFE
50 hektarea erre dira goizaldean Bermeon piztutako sutean

1:24

E. Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bermeoko sutea itzalita dago, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, basoko 50 hektarea kiskali ostean. Itzaltze-taldeek uste dute litekeena dela sutea hasi izana linea elektriko batek zuhaiztia jo duelako; bi laguntza-talde izango dira bertan, gau osoan zehar, sua ez berpizteko.

Carlos Uriagereka Bizkaiko Foru Aldundiaren Baso Zerbitzuko zuzendariaren hitzetan, larrialdi zerbitzuek "azkar" lan egin dute, eta horri esker "sua errepidearen ezkerraldean" mantentzea lortu dute. "Lanean jarraitzen dute, baina nahiko kontrolaturik dute", gaineratu du.  Lau etxebizitza eta gas instalazio bat sugarretatik defendatu behar izan dituztela azaldu du Uriagerekak.

Arene-San Pelaio auzoa

Baso-sutea goizaldean piztu da Bermeoko (Bizkaia) Arene-San Pelaio auzoan, Bakio eta Bermeo lotzen dituen errepidetik hurbil, Radio Euskadik aurreratu duenez.

Igandetik astelehenera bitartean, Sopelan eta Berangon, 200 bat hektarea kiskali zituen sua itzali eta egun bat geroago piztu da sua Bermeon.

Dirudienez, sua gas instalazio (Enagas) batetik gertu piztu da eta Matxikakoko zenbait baserri hustu dituzte badaezpada, Bermeoko Udalak azaldu duenez. 25 bat pertsona etxetik atera dituzte, SOS Deiakek jakitera eman duenez.

Azkenean suteak ez ditu hustutako etxebizitzak harrapatu, ezta gas instalazioa ere.

Artatza (Leioa), Gernika eta Derioko 20 suhiltzaile zonaldean daude, baita Gurutze Gorriko boluntarioak ere. Ertzaintzaren helikoptero bat zonaldearen gainetik hegan egiten ari da.

Ingurumen Ministerioko hidrohegazkin batek ur deskarga batzuk egin ditu 10:30etik aurrera, baina dagoeneko joan egin da egoerak hobera egin duela ikusita.

Sutea Bermeon Bizkaiko suhiltzaileak

Sutea Bermeon. Argazkia: Bizkaiko suhiltzaileak

Bestalde, BI-3101 Bermeo-Bakio errepidea itxi dute. Era berean, Matxikoko itsasargira doan errepidea, BI-4203, itxi dute segurtasuna bermatzeko, Ertzaintzak jakinarazi duenez.

“Sua baserriko teilatua harrapatzen ari dela ikusten ari naiz”

Etxetik atera duten bizilagun batek bere kezka azaldu du Radio Euskadin: “Sua baserriko teilatua harrapatzen ari dela ikusten ari naiz”. “Goizeko seietan heldu dira eta une batetik bestera etxetik ateratzeko, gertu egoteko esan digute”, azaldu du. “Lehorteak ez du batere laguntzen”, deitoratu du.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia zonaldera hurbildu da. Sua kostaldearen eta errepidearen artean, Matxitxako lurmuturraren magalean, dagoela azaldu du buruzagiak. “Suhiltzaileak sua bertatik ihes egiteko lanean ari dira”, esan du Radio Euskadin.

Sutea Bermeon Bizkaiko suhiltzaileak

Sutea Bermeon. Argazkia: Bizkaiko suhiltzaileak

Arantzako sutea ere, itzalita

Bestalde, 230 hektarea kiskali dituen Arantzako (Nafarroa) sutea ere itzalita dago.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, sutea 18:30ak aldera jo dute itzaltzat. Ordu horretan bueltatu dira Oronozeko parkera bertan zeuden suhiltzaileak, gunean egiten ari ziren lanak amaitu ostean.

Behin-behineko kalkuluen arabera, suteak 230 hektareari eragin die; dena den, datu hori ez da behin betikoa, zeren eta perimetroan eraginik jasan ez duten guneak daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bakio albisteak Bermeo azken ordukoa Suteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa