Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Bi gizon atxilotu dituzte Donostian, emakume bati abusuak egiteagatik

Biktimaren bikotekidea ere kolpatu zuten. Hirugarren erasotzaile batek ihes egin zuen, eta Ertzaintza hura aurkitu eta atxilotzeko lanean ari da.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen larunbat goizaldean Donostian emakume bati sexu-abusuak egin eta haren bikotekidea kolpatzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Gertakariak larunbateko 01:30 aldera jazo ziren, Donostiako erdiguneko etxebizitza baten atarian.

Salaketaren arabera, ordu horretan emakume bat etxetik atera zen. Eskailerak jaisten ari zela, hiru gizon gerturatu zitzaizkion eta aizto batez mehatxu egin zioten, sexu-abusuak egin nahian.

Biktimaren oihuak entzunda, emakumearen bikotekidea hari laguntzera atera zen. Hiru gizonezkoek kolpeak eman zizkioten, eta zauriak eragin. Biktimak, baina, 112 telefono-zenbakira deitzeko modua izan zuen.

Ertzaintza erasoa izan zen lekura iritsi zenean, hiru erasotzaileetako bi (19 eta 31 urteko bi gizonezko) atxilotu zituen. Hirugarrenak ihes egitea lortu zuen. Ertzaintza hura aurkitu eta atxilotzeko lanean ari da.

Donostiako guardiako epaileak sexu-askatasunaren kontrako delitua egotzi die atxilotutako bi lagunei, eta kartzelara bidali ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Tratu txarrak Espainian Eguneko albisteak