Gizartea -

Sasi-zientzia

'Blue Monday'? Ez, gaur ez da urteko egunik tristeena

Zientzialariek goitik behera ezeztatu dute Cliff Arnall psikologoak 2005ean defendatutako tesia. Horren arabera, urtarrileko hirugarren astelehena 'Blue Monday' da.

Gaurkoa beste edozein egun bezain tristea izan daiteke.
Tristura
Gaurkoa beste edozein egun bezain tristea izan daiteke.

Eider Garaikoetxea | Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Batzuk" tematu badira ere, gaurkoa, urtarrilaren 21a, ez da urteko egunik tristeena. Akaso Twitterren bolo-bolo dabiltzan iruzkin eta sasi-albisteetan irakurri duzu (jario nagusienen artean dago "Blue Monday") edo martxan dauden ehunka publizitate kanpaina horietako batek konbentzitu zaitu, baina ez... ez egin kasurik: gaurkoa urteko beste edozein egun bezain tristea izan daiteke.

2005etik dabil "Blue Monday"aren marmarra. Cliff Arnall psikologo eta ikertzaileak orduan ebatzi zuenez, urtarrileko hirugarren astelehena urteko egunik goibelena zen. Datu esanguratsu bat: ikerketa egiteko Sky Travel AEBko bidaia agentzia baten dirua erabili zuen, eta hark zabaldu zuen lau haizeetara.

Arnallek ustezko formula matematiko bat erabili zuen ondorio horretara heltzeko: [W+(D-d)]xTQ/MxNA. Sasi-formulak elementu sozialak, meteorologikoak eta ekonomikoak darabiltza. "W" eguraldia da, "D" Gabonetatik dauzkagun zorrak, eta "d" jasotako soldata. "T", berriz, Gabonetatik igaro den denbora da, eta "Q" ohitura txar bat kentzeko edota urte berriko asmo bat betetzeko ahalegina egin genuen azkeneko eguna. Azkenik "M" motibazioa da, eta "NA" gure bizitzako arlo bat aldatzeko dugun beharra.

Bestela esanda, arrazoi hauengatik da gaurkoa urteko egunik tristeena, betiere Arnallen esanetan: astelehena delako, negu giroko eguraldia dugulako, Gabonetako zorrak ordaintzeke ditugulako, oporretarako denbora dezente geratzen delako eta urte berrirako asmoak bete gabe ditugulako.

Zentzuzkoa dirudi, baina ez du zientziarekin zerikusirik. Adituek berehala jarri zuten formula zalantzan, eta sasi-zientziatzat jo. Zientzialarien iritzian, neurgarriak ez diren eta erabat subjektiboak diren elementuak ditu Arnallen teoriak. Are gehiago, "Blue Monday"ren aitzakian egiten diren kanpainek herritarrak sugestionatu beste asmorik ez dutela kritikatu dute. Salatu dutenez, tristurari aurre egiteko kontsumitzera bultzatzen gaituzte, eta, dirudienez, funtzionatu egiten du. eDreams sareko bidaia agentziaren arabera, Espainiako Estatuko biztanleek astelehen honetan eta hurrengo egunetan bidaia gehiago erreserbatzen dituzten europarren artean daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albiste arraroak Gizartea Gaurko azken ordukoa Zientzia Zientziaren hedapena zuzenean Albiste faltsuak sare sozialeetan