Gizartea -

Galiziatik ekarritakoa

'Zalantzazko jatorriko' 714 litro alkohol konfiskatu dituzte Nafarroan

Guardia Zibilak 'gehiegizko zama zeraman' furgoneta bat geldiarazi zuen urtarrilaren 11n, eta orduan bahitu zuen edaria.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak "zalantzazko jatorria" duen 714 litro alkohol bahitu ditu Nafarroan. Pirinioetako autobidetik (A-21) zebilen furgoneta batean aurkitu zuten edaria. Edaria Galiziatik zetorren, botiletan zegoen eta ez zeraman Estatuko zerga-zigilua.

Hain zuzen ere, alkohol sorta honako hauez zegoen osatuta: batetik, 626 litro eratorritako edari (gin, pontxe, ron eta brandy); eta, bestetik, 88 litro bermut eta ardo. Gidariak Internet bidez erosi zituen aipatutakoak, Galiziako herri batean, merkatuan duten ohiko prezioa baino askoz merkeago.

Guardia Zibilak gaur jakitera eman duenez, urtarrilaren 11n konfiskatu zuen edaria. Egun horretan agenteek 'gehiegizko zama zeraman' furgoneta bat geldiarazi zuten A-21 errepideko 22. kilometroan.

Jarraian gidaria identifikatu zuten, 45 urteko gizonezko bat, aurretik ere tabakoaren eta edari alkoholdunen kontrabandoan aritutakoa, eta, ondoren, furgoneta miatzeari ekin zioten.

Guardia Zibilek edari alkoholdun ugariz betetako hainbat botila aurkitu zituzten barruan, kartoizko kutxetan banatuta, eta haiek arakatzen hasi ziren.

Edariek ez zeramatenez Estatuko zerga-zigilurik ez zirkulazio-emate-agiririk, salgaiak zigilatu eta ibilgailua ibilgetu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa