Gizartea -

Udalaren proposamena

Kaleen eta plazen izendapenak proposatu ahalko dituzte bilbotarrek

Udalari proposamenak bidaltzeko bideak bi izango dira: batetik, posta elektronikoaren bitartez; bestetik, Erregistroetan utzitako idazki baten bidez.

Bilboko Udaletxearen artxiboko irudia. Argazkia: EiTB
Bilboko Udaletxearen artxiboko irudia. Argazkia: EiTB
Bilboko Udaletxearen artxiboko irudia. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak prozesu parte-hartzailea abiatuko du bihartik hasita, urtarrilak 25, datorren otsailaren 10era bitartean herritarrek hiriko kaleen, bide publikoen eta plazen izendapen berriak proposatu ditzaten.

Udalari proposamenak bidaltzeko bideak bi izango dira: batetik, posta elektronikoaren bitartez (participación@ayto.bilbao.eus), edo Erregistroetan utzitako idazki baten bidez (Herritarrak Artatzeko 10 bulegotan edo San Agustin eraikinean bertan).

Idazkian izendapen berria proposatzen duen herritarren izen-abizenak agertu behar dira, eta izendapen horren jatorria edo azalpena.

Proposamen guztiak jaso ostean, Udalak aztertu egingo ditu eta zerrenda osatuko du.

Herritarrekin batera, alderdi politikoek ere parte hartuko dute, kaleak eta espazio publikoak izendatzeko ardura alkatearena bakarrik bada ere.

Udalak proposatutako izenak

Memoria Historikoaren Legean oinarrituta egingo dute kaleko izendapenen berrikuste hori. Lehenengo fasean bi kaleen izenak aldatuko dituzte: Espainiako Printzeen Zubia (Salbeko Zubia deituko diote, herritarren artean ezagutzen den izena, hain zuzen ere), eta Remigio Vilariño Aita Kalea.

Prozesu parte-hartzaileak bigarren kale horretan, hain justu, izango du eragina. Alkateak bost izen proposatu ditu jada: Julita Berrojalbiz, Benita Asas Manterola, Adelina Mendez de la Torre, Juanita Mir Garcia eta Bizenta Moguel y Elguezabal.

Julita Berrojalbiz Berrojalbiz (1923-1998) Bizkaiko ikastolen mugimenduaren sustatzailea izan zen, eta Loiuko Lauro Ikastolaren sortzaileetako bat.

Benita Asas Manterola (Donostia 1897- Bilbo 1968) ekintzaile eta andereño feminista izan zen, eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko eskubideen berdintasunaren alde egin zuen.

Adelina Mendez de la Torre (Asturias 1871 - Bilbo 1960) eskola-zuzendaria izan zen, eta Bilboko lehen eskola-jantokiaren sortzailea.

Juanita Mir Garcia (Iruña 1905 - Bilbo 1937) kazetaria izan zen, eta ipuinak eta antzerki-lanak idatzi zituen.

Azkenik, Bizenta Moguel y Elguezabal (Azkoitia 1782 - Bilbo 1854) lehen euskal emakumezko idazletzat hartua izan zen. Elezaharrak euskal literaturara ekarri zituen, eta haurrentzako eta gazteentzako zuzendutako liburuak idazten lehen idazle euskalduna izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Albisteak